Pinpilinpussies eta Los Vecinos taldeek kontzertua emango dute Intxaurre elkartearen Eguenero egitasmoan

Anboto 2023ko eka. 7a, 10:20
Raquel Pagés eta Ane Barcena. Clara Orozco

Kontzertua ekainaren 8an izango da, 21:00etan; Ane Barcena durangarraren Pinpilinpussies taldeak Bartzelonan eman zituen lehenengo pausoak. 

Pinpilinpussies eta Los Vecinos taldeek kontzertua emango dute Intxaurre elkarteak antolatu duen Eguenero ekimenaren barruan; kontzertu sortak bosgarren edizioa du aurten. Eguraldia lagun, jendetza batu ohi da Durangoko Alde Zaharreko txokoan. Pinpilinpussies bikotea Bartzelonan sortu zuten Ane Barcena durangarrak eta Raquel Pagések. Lan luze bi (Fuerza 3 eta Hipocondría, biak Aloud music diskoetxeagaz argitaratuta) kaleratu ostean, Todo saldrá mal abestia kaleratu dute oraintsu; doinu melodikoagoak jorratu dituzte oraingoan, betiko indarra eta energia ere ageri diren arren. Ohikoa duten moduan, zuzeneko basatia emango dute. Inguruan ikusteko aukera bakarretarikoa izango da, baina ez bakarra. Izan ere, Pinpilinpussiesek kontzertu sorta iragarri du udarako, eta, besteak beste, Bartzelonako Cruilla, Gijongo Tsunami eta Torremolinoseko Canela jaialdietan joko dituzte zuzenekoak. Bestalde, Los Vecinos taldea 2022an sortu zuten Martinek, Ismak, Iñakik eta Miguelek; Siempre saludaban lan laburra kaleratu dute aurten. Lan hori aurkezteko biran dabil taldea, eta, besteak beste, Madrilen eta Valentzian ere joko dute; talde biek elkarregaz joko dute, azaroan, Bartzelonan. 

Maiatza eta ekaina
Maiatzean hasi zen Eguenero kontzertu sorta, eta, besteak beste, Añubek eta Dube talde berriztarrak eman dute kontzertua bertan. Ekainean, beste hitzordu bi gehiago ere egongo dira Intxaurren. Ekainaren 15ean, Chuleria, Joder! taldeak kontzertua joko du; Bizkaitarrek Berrizko txosnagunean ere emango dute kontzertua, bertako jaietan. Ekainaren 22an, Garazi Barrenak eta Asier Salak kontzertu akustikoa emango dute; Debagoienatik dator bikotea. Kontzertu biak 21:00etan hasiko dira eta doakoak izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!