'Boni', Durangoko azken martxantera ardatz duen ipuina kaleratu dute

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 6a, 11:01

Kontakizunak Martxanterak izenburua dauka, eta Andra Mariko elizpean goxokiak saltzen egon ohi ziren emakumeak ditu oinarri. Marta Goikoetxea zornotzarrak idatzi du ipuina, eta Iñaki Landa portugaletetarrak ilustratu.

Marta Goikoetxea zornotzarrak eta Iñaki Landa portugaletetarrak Martxanterak ipuina kaleratu dute, Durangoko Andra Mariko elizpean gozokiak eta litxarreriak saltzen egon ohi ziren emakumeak oinarri dituen kontakizuna. Liburua Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu du, eta urtero-urtero kaleratu ohi duen Ipuinak bildumako zazpigarren liburukia da. Aldundiko iturriek halantxik azaldu dute argitalpenean jasorikoa: "Liburu honek modu erakargarrian emakume nekaezin batzuk erakusten ditu, Durangoko Andra Mariko elizpearen babesean euren bizitzako hamarkadak eman zituztenak, bai neguan, bai udan, umeen eta ez hain umeen gustuko produktuak saltzen. Martxanterek, egunero, gozokiak, jostailuak eta litxarreriak saltzen zituzten postu ibiltarietan, goizean goizetik hasita". Gazteei begirako argitalpena da, eta Ipuinak saileko gainerako liburuen antzera, Bizkaiko pertsonaiak modu hurbil eta ez-formalean erakustea du xede. Liburuaren aurkezpena Bilboko Liburu Azokan egingo dute bariku honetan, 12:00etan.

'Boni' istorioaren ardatz

Goikoetxeak eta Landak Alaia izeneko ume baten kontakizuna sortu dute. Amaren urtebetetze egunean Alaiak opari egokirik topatu ez duela eta, Boni martxanterari eskatzen dio hura topatzeko laguntza. Durangoko azken martxanterak edozein helburu lortzeko pazientzia eta iraunkortasuna ezinbestekoak direla erakutsiko dio. Ipuina euskaraz, gazteleraz eta ingelesez kaleratu dute. 

Ipuinak bildumaren lehenengo argitalpena 2017koa da. Ordutik hona Bizkaiko hainbat pertsonaia ezagunen istorioak batu dituzte: Bilboko gargantua eta Marijaia, Erraldoiak, Basauriko eskarabillerak eta Itsasadarreko zirgariak zein sardinerak. Durangoko martxanterei buruzkoa ere salgai dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Dendan (Diputazioa 7) eta online.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!