Euskal Herri osotik ailegaturiko 51 emakume sortzailek azoka egingo dute, domekan, Durangon

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 5a, 16:20
Nomadak Gaitun! azokako irudi bat. DINAGU KOLEKTIBOA.

Eskuz landuriko arropak, ukenduak, xaboiak, gazta, jogurta, kontserbak... Euskal Herriko hainbat bazter bisitatu ostean, azoka ibiltaria Durangoko merkatu plazan izango da, Euskal Jaien testuinguruan.

Durango Nomadak gaitun! azoka ibiltariaren geltoki izango da domekan. Euskal Herri osoko luze zabaletik ailegaturiko emakume sortzaile eta ekoizleak merkatu plazan elkartuko dira 11:00etatik 17:00etara bitartean. 51 postu egongo dira ikusgai, eta horietan, eskuz landuriko arropak, ukenduak, xaboiak, joastailuak, bitxiak, ogiak, kontserbak, gaztaia edo jogurtak eskuratu ahalko dira. Azoka ibiltari honen atzean Dinagu kolektiboa dago, Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa. Dena dela, Durangoko merkatu plazan ez dira bakarrik egongo. Soloko nekazal elkarteko emakume sortzaileak ere bertan izango dira, eta Amillenako kideek pintxoak eskainiko dituzte. Nomadak gaitun! azoka Durangoko Euskal jaien zati da. Azoka honetaz gainera, beste hainbat ekitaldi egongo da asteburuan.

Nomadak gaitun! azokak Azpeitian ekin zion bere zirkuitu ibiltariari, 2021eko udan. Gernika (Bizkaia), Donostia (Gipuzkoa), Laudio (Araba), Iruñea, (Nafarroa), Oñati (Gipuzkoa), Sara (Lapurdi) eta Tolosa (Gipuzkoa) igaro ostean, Durangaldera ailegatuko da.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!