“Hamabost egunera egingo duen eguraldia jakiteko mugikorrera jotzen da, baina hori zientzia fikzioa da”

Aritz Maldonado 2023ko eka. 3a, 10:00
Gorka Ormaetxea eta Libe Gaztelurrutia

Libe Gaztelurrutia (Durango, 1990) eta Gorka Ormaetxea (Durango, 1991) fisikariek ETBko Eguraldian lan egiten dute. Eguraldiaren iragarpena egiteaz gainera, meteorologiari buruzko bitxikeriak batzen dituzte, eta informazio hau jendeari helarazi. Hain zuzen ere, herritarrek eguraldi aldaketei adi jarraitzen dietela azpimarratu dute: "Jendeak kasu egiten dio diogunari, eta planak egiten ditu horren arabera; akats bat dagoenean, jendeak garrantzia ematen dio". Lana pasioz bitzitzeaz gainera, lanean egunero zerbait berria ikasita etxeratzen direla azpimarratu dute biek.

Zer eguraldi egingo du asteburuan?
Libe Gaztelurrutia: Orain arte egiten ari dena, nahiko tenperatura ona, 20tik 25 gradura bitartekoa, goizez ateri eta arratsaldez ekaitz edo zaparradaren bat. 
Gorka Ormaetxea: Udaberriko giro totala. Aste osoan egin du horrela, eta asteburuan ere egingo du.

[Elkarrizketa martitzenekoa da] Zenbateko aurrerapenagaz egin ditzakezue iragarpen ziurrak?
L. G.: Egoeraren araberakoa da hori. Egoera ezegonkorra denean ez da hain erreza, baina egoera normal batean, hiru edo lau egun lehenago nahiko pronostiko fidagarria egin daiteke gaur egun. Hortik aurrera, nahikotxo jaisten dira aukerak. Oso gatxa da egoera ezegonkor batean ekaitza noiz, zelan eta non botako duen zehaztea. Egoeraren menpekoak dira iragarpenak. Ez da berdina egoera antizikloniko egonkor batean egitea, edo fronte bat badator.
G. O.:  Asteotako egoera ez da erraza, oso ezegonkorra delako. Egoera egonkor batean, errazago asmatzen da. Gaur egun, zehatz jakin daiteke noiz sartuko den frontea, edo noiz hasiko den euria. Adibidez, enbata noiz sartuko den zehatz jakin dezakegu. Baina epe luzerako pronostikoak ez dira oso gertagarriak. Jendeak astebete barru zein eguraldi egingo duen begiratzeko mugikorrera jotzen du, baina hori zientzia fikzioa da. Hamabost egunera egingo duena ezin da jakin, egiten diren iragarpenek %50ekoa baino probabilitate txikiagoa dute. Beraz, imajinatu udarako iragarpenak egiten dabiltzanak.

2023a sikua izaten ari dela esaten da. Horrela da?
G. O.: Urte hasiera sikua izan da orokorrean, batez ere otsaila, martxoa eta apirila; urtarrila eta maiatza hezeagoak izan dira; hile bi horietan oso egun euritsuak ere egon dira Kantauri isurialdean. Hemen, klima hezeagoa da hegoaldean baino, eta mediterraneokoaren antza gehiago du. Hor bai badago lehorte egoera bat. Konparatzearren, Iurretako estazioko datuak eta Erriberako Tuterako (Nafarroa) datuak alderatu daitezke. Erreferentzia bat edukitzeko, azken hamar urteetako datuei erreparatuta, Tuteran maiatzean 47 litro bota ditu batezbeste; aurten, 43 bat litro bota ditu urteko lehen bost hileetan. Hor ikusi daiteke zelako sikua izaten ari den urtea. 
L. G.: Horrez gainera, urtegiak eskas daude eta egoera larria dela esan daiteke. Iurretako estazioan 486 litro inguru bota dituela jaso da aurten, eta, gainera, inguruko urtegiak ere beterik daude. Egia da otsaila, martxoa eta apirila lehorrak izan direla, baina desberdina da. Klima desberdin bi dira, baina erreferentziak hor daude. Gainera, nekazaritza mundutik bizi den gunea da Erribera, eta, beraz, lehorteak asko eragiten du; uzta osoak galdu dira eta landatzeari utzi dion jendea ere badago.

DANA bolo-bolo dago egunotan. Euri jasa garrantzitsuak egon dira maiatzean Senperen, Urumealdean eta Bortzirietan, adibidez. Hain ezohikoak dira?
L. G.: Askotan errepikatzen den fenomeno bat da. Goi geruzetako depresio isolatua da, funtsean; hau da, 5.000 metrora dagoen aire masa hotza mugitu egiten da; tanta hotza lez ezagutzen dena izendatzeko erabiltzen da orain. Egoera horiek gertatzen direnean, iragarpenak egitea oso gatxa da. Badakizu ekaitza egiteko aukera gehiago dagoela, baina gaur egungo teknologiagaz oso gatxa da ekaitzaren kokapena, iraupena eta intentsitatea asmatzea. Gaur egungo eredu meteorologikoak oso garatuta daude, baina ez hainbeste. Adibidez, ikusten zen Bortzirietako euri jasa egoera ezegonkorra zela, ekaitza sartuko zela, baina ez horrenbestekoa izango zela. Pentsa maiatzeko euri jasa horietariko batean Donostian ez zuela euririk egin, eta Añarben 256 litro ur jaso zirela. Eta Durangon eguna eguzkitsua izan zen. 
G. O.: Gertaera hauek patroi bati erantzuten diote, urtero gertatzen direnak. Baina bat-batekoak dira, eta oso indartsuak; beharbada horregaitik nabarmentzen dira horrenbeste. Ziurrenik, etorkizunean asmatuko ahalko dira, baina gaur egun ez. Denbora gehiago daramaten lankideek esaten digute faxes deitzen diren isobara mapekin egiten zituztela iragarpenak; mapa horiekin gauza batzuk jakin ditzakezu, egin ditzakezu iragarpenak, baina orokorragoak. Gaur egun aldagai gehiago hartzen dira kontuan.

Urteekin pronostikoak zehatzagoak direla diozue. Jendeak igartzen du, ala kexa asko heltzen zaizue?
L. G.: Gatxa egiten zaigu ulertzea prebisioa probalitate kontua dela. Esaten dena ez da behin betikoa. Informazio hori probabilitate bat da. 
G. O.: Herritarrek jarraitzen duten gaia da, eta konfiantza dute iragarpenetan. Jendeak sinesten ditu, aplikazioetan begiratzen du, eta horren arabera planak egiten ditu, eta horren atzean ereduak, meteorologoak eta abar gaude, asmatu zein ez. Ulertu behar dena da probalitate kontu bat direla iragarpenak. Akatsei garrantzia ematen zaie, jendeak iragarpenei garrantzia ematen dielako.

Gertaerak muturrekoagoak direla ematen du, lehorteak lehorragoak, euri jasak euritsuagoak. Horrela da? Badu loturarik aldaketa klimatikoagaz?
G. O.: Gertakari isolatuak ezin dira aldaketa klimatikoagaz lotu, bere horretan; jatorriak ere ez du zertan horrela izan. Baina erreferentziazkoak diren txostenen arabera, horiek dira pronostikoak. Horretara goaz, gertakari geroago eta muturrekoagoak, eta sarriago: lehorte gehiago, eta denboran gehiago luzatuko direnak, eta, aldi berean, geroago eta euri jasa handiagoak. IPCC txostena erreferentziazkoa da arlo horretan, herrialde askotako adituek parte hartzen dute, eta agertoki desberdinak planteatu dituzte, CO2 eta bestelako berotegi efektuko gasen isurketen araberakoak. 
L. G.: Isuri horiek, edota horren erresultanteak, hutsera ekartzea lortu gura da, lurraren tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko. Hau da, zero emisioa esaten denean ez da esan gura CO2 kantitatea zero izatea, Lurra xurgatzeko gai denaren eta isurtzen denaren arteko orekari buruz ari gara. Gaur egun, lurraren tenperatura 1,1 gradu zentigradu igo da. Agertoki baikor batean, gradu eta erditik ez igotzea lortu gura da; txarrenean jarrita, lau igo daitekeela diote adituek.

Ez da etorkizuneko mehatxu bat, beraz.
L. G.: Aro industrialaz geroztik lurraren tenperatura 1,1 gradu igo dela frogatu dute, CO2 isuria eta tenperatura batera hazi direlako. 
G. O.: Ez diogu dimentsioa ikusten lurraren tenperatura 1,1 gradu igotzeak suposatzen duenari. Gradu bat igotzea guretzat ez da hainbeste, baina hori mundu osoko batezbestekoa da; eragiten du klimaren aldaketan, itsasoaren mailan, espezie askoren galeran, prezipitazio patroien aldaketan edo jendeak emigratzeko duen beharrizanean. Izugarrizko eragina du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!