"Senior taldea Euskal Ligara heltzea eta erreferente izatea gura genuke”

Anboto 2023ko eka. 2a, 09:15

Ezkurdiko nesken futbol taldeak hamarkada bat bete du. Durangoko taldearen familia osoa batu gura dute biharko antolatu duten jaialdian. Emakumeen futbolak jauzi handia eman du eta igartzen da harrobian. ANBOTOk Nerea Oleaga Barrenetxea (Durango, 2007) Ezkurdiko jokalari eta entrenatzailegaz eta Jesus ''Txus' Sabana Bori (Durango, 1978) Ezkurdiko entrenatzaile eta koordinatzaileagaz hitz egin du. 

Zelan planteatu duzue urteurrena?
Jesus Sabana: Urteurrena familian pasatzea da klubaren asmoa. Hemendik pasatu diren jokalariak, babesleak, kolaboratzaileak eta koordinatzaileak gonbidatu ditugu. Hemendik pasatu direnentzako eta momentu honetan parte hartzen dabiltzanentzako eguna izango da. Guretzat garrantzitsua da jendeak etortzeko eta ikasteko gogoa izatea, eta baita guk futbolaz dakiguna eurei transmititzea ere. Orain arte egon direnak omentzea da gure asmoa, eta hemen jarraitzen dugunok indarrak hartzea aurrera egiteko.

Zer antolatu duzue?
J.S.: 10:00etatik 12.00etara klubeko taldeen arteko partiduak egongo dira. Seniorrek jokalari ohiekin osaturiko talde baten aurka jokatuko dute. 20 bat minutuko partiduak izango dira. 12:00etan, Nerea Iriarte kazetariak dinamizaturiko solasaldia izango dugu. Parte hartzaileak hauek izango ditugu: Jesus Martínez Ezkurdin emakumeen futbola martxan ipini zeneko presidentea, Xabier Arrieta Athleticeko emakumeen taldeko kirol zuzendaria, Matilde Villarchao zuzendaritzako kidea, Irene Ogiza jokalari ohia eta Athleticeko jokalaria, Irati Martín jokalari ohia eta Eibarreko jokalaria eta Uxue Guezala Bizkerreko jokalaria.

Ezkurdi, klub modura, osasuntsu dago?
J.S.: Momentu honetan, 300 jokalari ditugu Ezkurdin, 200 mutil eta 100 neska. Momentu onean gaude. Pandemiaren ondoren neska asko animatu da futbolean. Hala ere, pandemiaren aurretik zailtasunak izan genituen. Urte askoan kostatu egiten zitzaigun lehenengo taldea ateratzea. Txikiekin eta kategorietan gorantza doazenekin kalitatean hobetzen ahalegintzen gara.

Zenbat talde dituzue nesketan?
J.S.: Guztira, bost talde ditugu. Lehenengo taldea Bigarren Erregionalean dago. Gazteak 10-11 urtegaz sartu daitezke klubean. Baina taldeak ez apurtzen ahalegintzen gara. Izan ere, asko eskoletatik datoz eta han jarraitu ahal badute, hobe da talde haiekin jarraitzea. Izango dute astia hemen jokatzeko. Eskola askogaz hitzarmenak ditugu formakuntza jasotzeko. Eskola askotan taldeak mistoak dira eta askori kosta egiten zaie taldeak ateratzea. Gu bagoaz eta neskak ateratzen baditugu, talderik barik geratu daitezke. Bestalde, Ezkurdi ulertzeko garrantzitsua da jakitea orain 29 urte klub ofizialetatik kanpora geratzen ziren jokalarientzat sortu zutela Ikastolak eta Jesuitak Ezkurdi. Beharrizan sozial horri erantzuteko sortu zuten Ezkurdi. Eta orain 10 urte, neskekin berdin gertatu zen. Durangalde guztian, Elorrio kenduta, neskek duten talde bakarra da. Etortzen diren denek dute lekua. Inoiz ez diogu inori ezetz esan.

Nesken futbolean bazegoen aurrekaria, Extremeñon.
J.S.: Extremeñotik gatoz. 2012an desagertzera zihoan eta Ezkurdik hartu gintuen. Nesken haur kategoriako talde bategaz etorri ginen. Guraso batzuk ere zuzendaritzan sartu ziren eta taldea hazten joan da.

Nerea, zenbat urtegaz hasi zinen futbolean?
Nerea Oleaga: Kurutziaga ikastolan hasi nintzen futbolean, 9 urtegaz. DBHra pasatzerakoan Ezkurdira pasatu nintzen.

Zelakoa izan zen Kurutziagatik Ezkurdirako saltoa?
N.O.: Kurutziagako taldean neska bi geunden. Hasieran beldur apur bategaz etorri ginen, ez genuelako hemengo taldeko inor ezagutzen, baina jendea behin ezagututa oso gustura gaude. Mutilekin jokatzetik neskekin jokatzera pasatu ginen.

Zein giro duzue taldean?
N.O.: Oso ona. Gainera, beste herri batzuetatik ere etorri dira jokalariak, Gernikatik esate baterako, eta oso ondo konpontzen gara..

Zelako entrenamenduak egiten dituzue?
N.O.: Astean egun bitan entrenatzen gara, martitzen eta eguenetan. 19:30etik 21:00etara.

Jarraitzeko asmoa duzu?
N.O.: 18 urtera arte, bai. Unibertsitateagaz ez dakit posible izango den.

Zer ematen dizu futbolak?
N.O.: Txikitatik dut gustuko. Aitak-eta etxean irakatsi didate, eta telebistan ere ikusi dut. Eguneroko ardurak alde batera uzten laguntzen dit, eta ezertan pentsatu barik disfrutatzen dudan momentua izaten da.

Zu hasi zinenetik gauzak asko aldatu dira futbolean?
N.O.: Orain kimuen mailako talde bateko entrenatzailea naiz eta gauzak aldatu egin direla ikusten dut. Askoz ere neska gehiago dago eta hori oso ona da emakumeen futbolerako.

Izan duzue zailtasunik?
J.S.: 2018 inguruan kategoriaz igotzeko zorian egon ginen. Ez genuen helburua lortu eta pandemiaren ondoren asko joan egin ziren. Beharbada larregi zentratuko ginen helburu horretan, baina orain berriro egoera horri aurre egiten ari gara.

Geroago eta erreferente gehiago dago emakumeen futbolean?
N.O.: Bai, azken urtean emakumeen futbolak jauzi handia eman du eta erreferente gehiago dago. Alexia Putellas izan daiteke bat, eta ez bakarrik Messi.

Zeintzuk dira Ezkurdi taldearen erronkak?
J.S.: Formakuntza. Aurten inkesta bat egin dugu eta atera dugun ondorioetariko bat da neskak pozik daudela. Formakuntza gehiago eskatzen digute, kalitate handiagoko entrenamenduak... Ez da erraza nesken futboleko entrenatzaileak topatzea. Horregaitik, harrobia prestatzen gabiltza. Nerea bera, jokalaria izateaz gainera, entrenatzen hasi da. Entrenatzaile guztien formakuntza hobetu gura dugu, entrenamenduen kalitatea hobetzeko. Bestalde, taldeko jokalari nagusiei ere etorkizuna eurak direla ikusarazi gura diegu. Neska entrenatzaile gutxi dago. 2012an hasi ginenean, futbol zelaietan ez zen neska entrenatzailerik ikusten, eta orain badaude batzuk. Asko geratzen da egiteko. Eta jokalariek entrenatzaile lana egiten dutenean, hobeto ulertzen gaituzte. Nereak ere ikusiko du hori.

Hamarkada bat egin duzue. Hamar urte barru non ikusi gura zenukete taldea?
J.S.: Behetik datozenentzat seniorren taldea erreferente izatea gura genuke. Senior taldea Euskal Ligara heltzea gura genuke.
N.O.: Bai, lehenengo taldea Euskal Ligara heltzea ondo egongo litzateke.
J.S.: Azkenengo urteetan jokalari batzuk joan egin dira herrian taldea izanda. Inguruan nesken talde erreferente bat izatea lortu gura genuke, hemen gauzak ondo egiten ditugulako.

Jesús, zelan baloratzen duzu nesken taldearen garapena Extremeñon hasi zinenetik gaur egunera arte?
J.S.: Oso positiboa izan da. Urterik urte neska gehiago apuntatzen da. Ligen maila ere igotzen ari da, alde guztietan.

Extremeñoren sasoitik gaur egunera baldintza ezberdinetan jokatzen dute neskek?
J.S.: Gauzak asko aldatu dira. Lehen, ia ez zuten emakumeen futbol partidurik ematen telebistan. Orain, ematen dituzte batzuk, edo San Mamesen ikusten ditugu; bestela, Lezaman. Ikusgarritasun handiagoa dago eta instituzioen aldetik ere babes handiagoa dago. Klubek ere garrantzi handiagoa ematen diote. Lehen, 300 jokalaritik 25 ziren neskak, eta gainerakoak mutilak ziren. Klubaren dedikaziorik gehiena beste aldera joaten zen. Baina orain, kluben aldetik ere babes handia dago. Eta gurasoak ere geroago eta gehiago inplikatzen dira. Klub honek guraso boluntarioei eskerrak funtzionatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!