Durangoko umeek kaleak hartu eta olgetan egitera deitu dute

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 23a, 13:31

Ekainaren 3an Jolas Eguna ospatuko dute herriko hainbat lekutan. Umeek kalean jolasteko duten eskubidea aldarrikatuko dute ginkana batekin. "Herriko ume guztiak animatzen ditugu Jolas Eguna gurekin ospatzera", esan dute haurrek.

Durangoko umeek, Umeen Kontseiluaren bitartekaritzagaz eta Udalaren laguntzagaz, Jolas Eguna antolatu dute. Ekainaren 3an ospatuko dute, Euskal Jaiekin batera. Hain zuzen ere, goiz honetan jai horren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eskaini dute Landako, Nevers, San Antonio, Kurutziaga, Zabalarra eta Jesuitak ikastetxeetako umeek. Laiak, Aimarrek, Norak, Iraidek, Lukenek, Paulek eta Elenek eskaini dute agerraldia. Aurreratu dutenez, ginkana baten bueltan antolatuko dute Jolas Eguna: "Saskibaloia, futbola edo errugbia landu barik, aproposagoa ikusten genuen ginkana bat antolatzea. Aproposagoa da denok dibertitzeko", azaldu dute. Ginkana horretan batuko dituzte, besteak beste, "sokatira, oztopoen zirkuitua, laser jokoam asmakizunak eta txirloak".

Jolas Eguna 16:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da. Herriko hainbat puntutan egingo dituzte ekintzak. Ezkurdin, Andra Mariko elizpean, Andra Mari kalean, Joxemiel Barandiaran kalean eta Zeharkalean. Euria bada, Landako Gunean. "Parte hartzea guztiontzat zabalik dagoen arren, aldez aurretik izena ematea gomendagarria da. "Herriko ume guztiak animatzen ditugu Jolas Eguna gurekin ospatzera", esan dute haurrek. Jolas Eguna maiatzaren 28ko testuinguruan antolatu dute. Jolasaren Nazioarteko Egunaren harira, hain zuzen.

Umeen kontseiluan 8 eta 10 urte bitarteko 12 umek parte hartzen dute. Lehen Hezkuntza eskaintzen duten sei ikastetxek. Eta bakoitzetik, bi ikaslek. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!