Durangoko psikobonuak ekainaren 1ean ipiniko dituzte eskuragarri

Anboto 2023ko mai. 22a, 16:50

Zerbitzuan arreta eskaini gura duten profesionalek zabalik dute izena emateko epea. Psikobonuekin 14-35 urte bitarteko durangarrak artatuko dituzte. Saioaren %10 erabiltzaileek ordainduko dute. Gainerakoa, Udalak.

Durangoko Udalak iragarri du ekainaren 1etik aurrera ipiniko dituela salgai psikobonuak. Data horretatik aurrera, 14 eta 35 urte bitarteko gazte durangarrek 2.222 bonu erosi ahal izango dituzte psikologoarenera modu merkeagoan joateko. Gazte bakoitzak 10 bonu erosi ahal izango ditu gehienez. 

Psikobonuen programa hau Durangoko Udalak eta BIzkaiko Psikologia Elkargoak landu dute elkarlanean. Programari eskerrak, gazteek, urtean, laguntza psikologikoko 10 saio pertsonalizatutara joateko aukera izango dute. Saio bakoitzaren prezioa 50 eurokoa izango da. Psikobonuei eskerrak, gazteek 5 euro baino ez dituzte ordainduko. Gainerako 45 euroak Udalak ordainduko ditu.

Proiektua aurkeztu zutenean, udal ordezkariek esan zuten "pandemiaren ostean, besteak beste", gora egin zutela "antsietatearekin edo depresioarekin loturiko kasuek". Hori arindu guran, osasun mentala sustatu guran, ipini zuten programa hau martxan. Udalak 100.000 euroko diru partida prestatu du.

PSIKOBONUAK NON ESKATU

14-15 urteko gazteak:

  • Online, HELBIDE HONETAN
  • Herritarrentzako Arreta Zentroan (HAZ). Eskaera berrikusi ondoren, psikobonuak erosteko aukera izango dute web orrian edo kutxazainetan.

16-35 urteko gazteak:

  • Turismo Bulegoko kutxazainean (Kurutzesantu)
  • Herritarrentzako Arreta Zentroan (HAZ)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!