"Río de Orok leku bat egitea lortu du Durangaldeko Gobernuz Kanpoko Erakunde inportanteenen artean"

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 19a, 12:00

Mikel Del Arco Zumarraga (Durango, 1988) Río de Oro elkarteko koordinatzailea da. Jaialdiko egitaraua astekari honen Agendan kontsultatu daiteke.

Prest zapatuko jaialdirako?
Bai, oso gogotsu gaude, ilusio handia dugu. Izurria dela eta, urte batzuk igaro dira jai hau azkenengoz antolatu genuenetik. Horrenbestez, bai, prest gaude jaiari berrekiteko, eta jendea badabil mugitzen. Paella lehiaketarako interesa pizten doa, eta baita bertsio lehiaketarako interesa ere. 

Aurtengoa, gainera, berezia izango da. Río de Orok 10 urte bete ditu.
Badirudi atzo hasi ginela honegaz guztiagaz. Eboluzioa oso polita izan da. Asko hazi gara. Lehenengo proiektua 2013an ipini genuen martxan, eta momentu honetan lau proiektu ditugu esku artean. 

Zeintzuk dira martxan dituzuen lau proiektu horiek?
Bat Izurtzako aterpetxea da. Bertan, aniztasun funtzionala duten ume sahararrak hartzen ditugu harreran, udan. Bigarrena Karabana Solidarioa da; laguntza humanitarioa batu eta bidaltzen dugu. Hirugarrena, Oporrak Bakean. Durangaldeko etxeetan, udan, ume sahararak hartzeko programa. Laugarrena Edaletxea da, Ermuan daukagun harrera etxea. Osasun arazoak dituzten umeak eta haien amak hartzen ditugu. Hona ekarri, beharrezko osasun tratamendua eman, ebakuntza egin eta badoaz.

Zein da 10 urte hauetako balantzea? Zelan baloratzen dute herritarrek zuek egindako lana?
Proiektu inportanteak ditugu esku artean, eta, adibidez, Saharako herriaren inguruko dimentsioa hartu dugu. Eskualdeari dagokionez, esango nuke leku bat lortu dugula Gobernuz Kanpoko Erakunderik inportanteenen artean. Herritarrek geroago eta gehiago ezagutzen gaituzte. Parte hartzen dute, lagundu egiten digute, bultzatu egiten gaituzte. Horiek barik ez ginen hona helduko. Gero, boluntarioen lana dago. Haien arteko sarea giltzarria da elkartearentzat. 

Zapatuko jaia dela eta, zer diotsue jendeak?
Igartzen dugu jendeari interesa piztu zaiola. Bertsio lehiaketari buruz galdetzen digute, paella lehiaketan izena eman dute... Euri kontuak direla eta, jaialdiaren zati nagusia Landako Gunearen barruan egingo dugu. Umeentzako puzgarriekin hasiko gara, eta sushi tailerragaz jarraituko dugu. Gauean bertsio lehiaketa izango dugu Plateruenean. Txosna bat ere izango dugu, Landako Gunean. Komunitate sahararreko lagun asko etorriko da jaira. Berezia izango da, aurten guk 10 urte egiteaz gainera, 50 urte bete direlako Fronte Polisarioa eratu zenetik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!