Plateruena berriro zabalik dagoenetik, bertan aterpe hartu duen lehenengo taldea zarete. Zelako esperientzia izaten ari da?
Tomas Lizarazu: Plateruenean Stage deitzen zaiona egiten ari gara. Funtsean, publikorik gabeko kontzertuak egiten ari gara, martxa hartzeko. Hiru hilabete daramatzagu kontzerturik eskaini gabe, eta udan egitekoak garen birarako prestatzen ari gara. Zuzeneko ikuskizun berri batekin itzuli nahi dugu; gure zuzenekoetan lantalde handia dago atzetik, ez gaude musikariak bakarrik, eta, hortaz, lokaleko entseguak baino gehiago behar izaten dugu; uste genuen egokia izango zela horrelako egonaldi bat egitea teknika guztia martxan jartzeko, lantalde osoaren eszenatokiko sartu-irtenak, argiak eta abar prestatzeko. Udan plaza handiak ditugu aurreikusita, eta horra ondo prestaturik iristeko, tenperatura hartzeko eta lehenengo kontaktu bat edukitzeko ere emango dugu kontzertua, gaur.
Talde lez, zelakoa da horrelako baliabide eta azpiegiturak eskura izatea?
T. L.: Plateruenean lau egunez egon gara lanean, eta aurretik Azpeitiko Soreasun egon gara, Dinamoan. Han, batez ere, musika lantzen aritu gara, bost egunez. Abestien nondik norakoak eta soinua definitzen eta balizko arazo teknikoak konpontzen egon gara. Igor Iglesias gure teknikaria durangarra denez, ondo ezagutzen ditu Plateruena eta bertako ekipoa, eta hortik irten zen ideia.
Lokaleko entseguak garrantzitsuak eta beharrezkoak dira; gero, biran, errutina moduko batean sartzen zara eta gustatzen zaigu geure buruari erronkak jartzea. Dinamoko egonaldia eta Plateruenekoa horretarako dira, konfort eremutik irten eta beste txip batekin entseatzeko; kontzertuen parekoak dira entseguak, publikorik egon ez arren, martxa hartu eta gero taula gainera indartsu irteteko. Horrelako azpiegiturarik gabe, lokalean egingo genuke, eta kontzertuak egingo genituzke, baina ez ginateke segurtasun berdinarekin irtengo.
Zelakoak izango dira udako birako kontzertuak? Eta gaurkoa?
Ruben Lizarralde: Nik uste dut jendeak sorpresa eramango duela. Urtebetean 56 kontzertu eman ditugu, asteburuko bat. Jende askok ikusi gaitu, eta horregatik nahi dugu ikuskizun berri bat eman. Arlo musikala asko landu dugu eta ikuskizun aldetik ere berritasunak egongo dira. Jendeak ez du esperoko orain emango dugun aldaketa hau.
Behin baino gehiagotan jo duzue Plateruenean.
R. L.: Ahotsenean jo dugu, Durangoko Azokan, eta publikoan ere askotan egon gara bertan. Erreferentziazko aretoa da Plateruena. Pandemia testuinguruan jo genuen bertan lehenengoz, herrialdetik ezin zenean irten. Kontzertu bikaina izan zen, eta jendearen erantzuna ere itzela; horrek harritu egin gintuen, ez genuelako uste Durangon hainbeste jarraitzaile izango genuenik.
T. L.: Gure herritik irten eta publikoa gure kantak abesten entzun dugun lehen tokia da guretzat Durango. Gainera, anekdota txiki bat ere badugu horrekin, izan ere, beti gurekin datorren Joseba managerra ez zen egon kontzertu horretan; publikoa gurekin kantatzen egon zen lehen aldi hori galtzearen arantza dauka. Guretzat oso polita da Plateruenean egotea; alde batetik, hiru hilabete daramagulako kontzerturik eman gabe, eta Durangon besoak zabalik hartu gaituztelako beti; bestetik, hainbeste hilez itxita egon ostean ateak ireki dituelako berriro Plateruenak. Horrelako areto bat hainbeste denboran itxita egotea tristea da; azken finean, horrelako aretoak euskal kulturaren hauspoa direlako. Egin beharreko gauza batzuk geratzen dira oraindik, tabernako barra zabalik egotea adibidez, baina ateak irekita egotea pozgarria da.
Azken biran, plaza handietan, aretoetan eta gaztetxeetan aritu zarete. Non gusturen?
T. L.: Hiru edo lau urte baino ez daramatzagu elkarrekin, baina urteotan errealitate desberdin asko ezagutzeko aukera eduki dugu: kontzertuak musukoarekin eta eserita, Bilboko Aste Nagusian Abandoibarra plaza beteta, Santurtziko jaietan, Bergarako eta Orioko gaztetxeetan, kanpoan ibili gara jotzen... Behin, adibidez, Bilboko Kafe Antzokian jo genuen eta aretoa bete-beterik zegoen. Hurrengo egunean Mauleko Zinka ostatuan jo genuen. Ostatu txiki-txikia da, eta, adibidez, guk muntatu genituen altabozak eta abar. Horrelako kontrasteak bizitzeko aukera da Bulegoren gauza ederrenetariko bat. Kanpotik ikusita, eman dezake Abandoibarraren moduko plaza handi batean jotzea ederra dela, eta bai, bada, jende asko biltzen delako, eta komunio bezalako bat sortzen da jendearekin, baina gaztetxe batean jotzea baino hotzagoa da, diplomatikoagoa edo; gaztetxean zurekin dagoen jendeak prestatu du afaria, eta bertan astero batzen den jendea ezagutu dezakezu. Kontraste asko ditu Bulegok, eta asko disfrutatzen dugu.