LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, koalizio moreak sexualitate eta genero identitate askeen aldeko mezuetan egin du azpimarra. David Hernández Durangoko alkategaiak adierazi du "ostadar bandera defendatu" egingo duela, "kosta ahala kosta". Besteak beste, genero bitarren eskeman kokatzen ez diren herrikideak izan ditu aipagai: "Durango Kirolak zerbitzua erabiltzen duen hainbatek etxera edo mugikortasun urriko aldageletara jo behar izaten du aldatzera. Hori ere LGTBIfobia da", adierazi du. "Kontua ez da aske maitatzea; aske izatea baizik. Ezin ditugu Mr. Wonderful erako mezuak zabaldu, horrek kolektiboko hainbat kideren errealitatea ikusezin bihurtzea dakarrelako", azaldu du.
Bizkaiko Batzar Nagusietarako Iker Mojón hautagaiak ere, antzerako berbak izan ditu. "Trans emakumeak, emakumeak dira", defendatu du, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroa eta Trans Legea deiturikoa aipatuta. Bestalde, EAJ kritikatu du. Jeltzaleei leporatu die "Madrilgo LGTB politiken eredua" emulatuta, "negozioa" egin gura izatea. "Euskal Herriko LGTB mugimenduak ez du eredu hori gura; hemen bestelakoak gara, zaintzak behar ditugu", azaldu du.
Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak, bestalde, "gorroto delituen gorakada" izan du berbagai. ""2020 eta 2021 artean %50 igo ziren gorroto delituak. Horietatik laurdenak, sexu identitateengatiko gorroto delituak izan ziren", azaldu du.