[BIDEOA]: 'Queer' kultura sortzera deitu dute, "aniztasunaren aldeko jendarte aldaketa" eman dadin

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 17a, 20:47

Kuir Eztanda kolektiboko kideek deituta, arratsalde honetan LGTBIfobiaren kontrako elkarretaratzea egin dute Durangon.

Andra Mariko elizaren aurrealdea jendez bete da arratsalde honetan. Maiatzak 17 ditu, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta Durangoko Kuir Eztanda kolektiboko kideek elkarretaratze jendetsua egin dute. Kontzentrazio bukaerako adierazpenean "hedabide normatiboek eta adierazpen artistiko nagusiek erreproduzitzen dituzten errealitateak" izan dituzte aipagai. "Arte adierazpenek paper garrantzitsua jokatzen dute gure iruditegien eraikuntzan, eta, ondorioz, eragina dute gure buruak eta ingurua ulertzen dugun eran", azaldu dute. Horren aurrean, Kuir Eztandak LGTBI identitateei begirako "errefrerentzia markoak" sortzera deitu du. "LGTBIQ+ komunitatea barnebiltzen duen kultura bat" sortu gura dute, horrekin, "aniztasunaren aldeko jendarte aldaketa eman dadin". Gainera, sorkuntza kultural hori herrian bertan lantzera deitu dute.

Kuir Eztandako kideek gogoratu dute urrian sortu zutela kolektiboa, Durangoko jaietan. Herriko festak pasatu diren arren, kolektiboak "aktibo" jarraitzen duela argitu du. Horren erakusgarri da domeka honetan, hilaren 21ean egingo duten asanblada. Eskualde osoko LGTBI komunitateko kideak deitu dituzte Ekainaren 28ko aldarrikapenak, Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko aldarriak, prestatzera. Horri begirako asanblada irekia egingo dute Santa Anako plazan, 18:00etan.

Gaurko egunez, 1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak buruko gaixotasunen zerrendatik erretiratu zuen homosexualitatea. Harrezkero, homosexualitatearen, bifobiaren eta transfobiaren kontrako eguna aldarrikatzen da nazioartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!