Durangoko Urki Hegoalde errepidearen azken faseko lanak hasi dituzte

Anboto 2023ko mai. 17a, 10:17

Lanek 3.438.168 euroko aurrekontua dute.  Lanak egiteko gehieneko epea 18 hilabetekoa izango da.

Durangoko Udalak astearte honetan sinatu du Urki Hegoalde errepidearen azken fasearen obren hasiera. Saihesbide horri esker, Durangoko kanpo eraztuna osatu ahal izango da eta, azken fasean, Durangoko Tabira auzoa eta Montorretako biribilgunea —Ona enpresa eta Alcampo supermerkatua— lotuko dituzte.

Saihesbide berriarekin hainbat helburu bete gura ditu udalak. Alde batetik, herrigunetik trafikoa murriztea nahi dute. "Ibilgailuak Abadiñotik N-623 errepidera igaro ahal izango dira, Durango erdigunetik igaro beharrik izan gabe; kamioiak, ordea, Iurreta eta Durango arteko saihesbidetik jarraitu beharko dute. Era berean, errepide berri horrek herriguneko ibilgailuen zirkulazioa jaisten lagunduko du, eta Durangon gertatzen den bide gatazkarik handienetako bat desagerraraziko du, zehazki, Faustebidea kalearen eta Gernikako Arbola biribilgunearen artean gertatzen dena", azaldu dute.

Beste helburu bat Eguzkitzako industrialde berriaren garapena ahalbidetzea da. "Enpresei Astolako industrialdearen beste aldean ezartzea erraztuko die eta, aldi berean, Durangorako eta eskualderako enplegua sortzea ahalbidetuko du".

Hasierako inbertsioa Durangoko Udalaren kontura izango da, baina, ondoren, kopuru hori "berreskuratuko" dutela azaldu dute udaletik, "lursailen etorkizuneko jabeek ordaindu beharko dituzten urbanizazio kargen bidez".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!