Herriaren Eskubideak ospitale bat eraikitzeko eskatu dio Osakidetzari. Tabiran, Fundifes lantegia izandakoaren lurretan kokatzeko eskatu dio. Jorge Varela hautagaiak azpimarratu du "askotan" batu direla Osakidetzako langileekin, "euren iritziak jasotzeko". Azaldu dute sei urte daramatzatela "murrizketak bertan behera uzteko" eta "oinarrizko osasun zerbitzuak indartzeko" eskatzen. Eta eskari horien artean kokatu dute, hain zuzen ere, ospitale bat eraikitzeko proposamena.
Bestalde, EAJri leporatu diote hauteskundeetarako kanpaina egiteko "erakunde publikoak erabiltzea". Herriaren Eskubidearen iritziz, Osakidetzak [eskualdeko beharrizanei buruz] aurkeztutako txostenak "EAJren interesei soilik erantzuten die" eta "irain" egiten die durangarrei. Varelak adierazi du “urtebete behar izan dutela 8 orrialdeko txosten bat idazteko. Txosten horretan ez da jasotzen ezta zenbat pertsonari emango liokeen zerbitzua, edo kontsulta bakoitzak zenbat paziente artatzen dituen ere”, esan du.