Udal eta foru hauteskundeak

Durangoko PSE-EEk hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak hartu gura ditu

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 15a, 12:43

Durangon 1.400-1.500 etxebizitza huts daudela adierazi du Jesica Ruiz hautagaiak. Etxeok berritzeko laguntzak, irisgarritasuna hobetzeko laguntzak eta efizientzia energetikoari lotutako laguntzak sustatu gura ditu. Bestalde, alokairu soziala sustatzeko "konpromisoa" hartu du.

PSE-EE alderdiko ordezkariek Durangoko Aramotz auzoa bisitatu dute gaur. Bertan izan da Jesica Ruiz, Durangoko PSE-EEren hautagaia. Eta ondoan izan ditu Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburua, eta Alberto Álvarez, Batzar Nagusietarako hautagaia. Ruizen iritziz, "azken urteotan" Durangon "erabateko etena" egon da etxebizitza politikei dagokienez. "Guk eraikinak birgaitu eta alokairu soziala indartu gura dugu. 2018ko ikerketa batek dio Durangon 1.400 - 1.500 etxebizitza huts dagoela. Euretariko asko, gainera, zaharkituta daude duela hainbat hamarkadatik. Gure apustua argia da. Etxebizitza horiek merkatura atera gura ditugu. Eraikinak birgaitzeko laguntzak, irisgarritasuna sustatzeko laguntzak, efizientzia energetikoari loturiko laguntzak, eskaini gura ditugu", adierazi du Ruizek. 

Bestalde, alokairu soziala sustatzeko "erabateko konpromisoa" agertu du. Orain arteko gobernu taldeak martxoan San Faustoko 10 etxebizitza alokairu sozialera bideratu zituela eta, PSE-EEk adierazi du horiek "janztea, bizi ahal izateko prestatzea" izango dela gobernura iritsita egingo duten lehenengo ekintza.

Bizigune programa

Hutsik dauden etxebizitzak direla eta, Iñaki Arriola sailburuak Eusko Jaurlaritzako Bizigune programa goraipatu du. "Oso programa arrakastatsua da. Sozialistoi eskerrak asko hazi dena. Eta programa horrek zerbait eskaintzeb badu, hori lasaitasuna da. Etxeok gehien behar dituenari eskaintzen zaizkio. Oso pozik gaude horrelako programa bat Durangoko Udalarekin lankidetzan garatzearekin", azaldu du. "Alokairurako etxebizitzak sortzea aukera ederra da, baina hori bezain inportantea da hutsik daudenak merkaturatzea", gaineratu du Arriolak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!