Durangoko sei ikastetxetako ikasleek zigarro-mutxikinak lurrera botatzearen kontrako kanpainan parte hartu dute

Jone Guenetxea 2023ko mai. 15a, 08:58
Alex Palacios Dendak Baiko presidentea eta Leopoldo García bonuaren irabazlea.

Durangoko sei hezkuntza zentrok (Nevers, Jesuitak, Landako Eskola, San Antonio, Ibaizabal eta Fray Juan Zumarraga) zigarro-mutxikinak lurrera botatzearen aurkako kanpaina egin berri dute. Ekimen hau Eskola Agenda 30 proiektuaren barruan dago eta Durangoko Udalaren eta Dendak Bai elkartearen babesa izan du.

Durangoko sei zentro horietako ikasleek herriko kaleetako zigarro-mutxikinak batu zituzten goiz batez, eta bertatik pasatzen ziren pertsonei galdetegi bat betetzeko eskatu zieten. Hainbat familiak ere parte hartu zuen diagnostiko honetan. Ikasleek 844 erantzun jaso zituzten. Parte hartu zutenen artean, 162 erretzaileak dira (%19) eta batez beste 11 zigarro erretzen dituzte egunero. Galdeketa horretan, erre ostean mutxikinak nora botatzen dituzten galdetu zieten parte hartzaileei: bada, %56k lurrera botatzen dituztela aitortu dute.

Bestalde, orokorrean, jendeak badaki jakin zigarro-mutxikin batek urteak behar dituela deskonposatzeko. Gainera, kaleak garbitzeko makinak arazoak ditu hondakin hauek batzeko.

Ondorio hauek Eskola Udal foroan aurkeztu zituzten eta joan zen astean ikusgai egon ziren Andra Mariko elizpean. 

Lehiaketako irabazleak
Honegaz batera, lehiaketa bat antolatu zuten. Asko izan ziren kutxa batean zeuden zigarro-mutxikinen kopurua asmatzen ahalegindu zirenak. 1.165 zenbatu zituzten, eta zenbaki horretara gehien hurreratu ziren hiru pertsonek Durangoko dendetan erosteko 100 euroko bono bana irabazi zuten.

"Zenbat ote daude gure kaleetan? Euria egiten duenean, estolderiatik errekara eta hortik itsasora doazela jakinaraztea izan da gure helburua, eta jendea arazo honen inguruan sentsibilizatzea", azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!