Udal eta foru hauteskundeak

Alokairuan eskaintzeko 240 etxebizitza eraikitzea eta 3,4 hektareako parkea egitea, "lehentasun" Durangoko EH Bildurentzat

Anboto 2023ko mai. 12a, 13:56

Koalizioak "ongizatea bultzatzeko" proiektuak batu ditu hauteskunde programan. Astarloa kaleko adinekoen egoitza handitzea, postetxe zaharra kultur etxe bihurtzea eta auzoetan gizarte etxeak sortzen jarraitzea proposatu dute. Duela lau urte emandako "norabide aldaketa sendotu" gura du koalizioak.

Durangoko EH Bilduk duela lau urte emandako "norabide aldaketa sendotu" gura du hauteskunde hauetan. Proposamen politikoa publiko egin dute, eta bertan batu dituzte "durangarren ongizatea hobetzeko" helburuz landutakoak. Uneotan martxan dauden hainbat proiekturi jarraipena ematea eta proiektuok egikaritzea gura du EH Bilduk. Hasteko, tren geltoki zaharraren orubean egin gura dituzten Babes Ofizialeko 240 etxebizitza, alokairuan eskainiko direnak, eta arlo horretan bertan sortu gura euten 34.000 metro karratuko parkea. Ima Garrastatxu hautagaiak jakinarazi du "proiektu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzarekin adostuta" daudela. 

Legegintzaldi honetan aktibatutako beste hainbat proiekturi ere jarraipena emateko asmoa agertu du EH Bilduk. Adibidez, San Faustoko Kapitanena baserrian eta Juan Itziarren, Muruetatorren edo Errotaritxuenan auzo etxeak sortzeko proiektuekin aurrera egitea. Era berean, Madalenako plaza berritzeko eta postetxe zaharra kultur etxe egiteko konpromisoak hartu dituzte.

Koalizioaren beste lehentasunetako bat pertsonen zaintza izango da. Adinekoena, batez ere. Hori dela eta, Astarloa kaleko adinekoen egoitza handitzea, Bakardadeari aurre egiteko plan bat sortzea eta Zainketen Diagnostiko Partekatua egitea proposatu dute. Klima aldaketaren arloan Udalean indarrean dagoen Energia Plana betetzeko konpromisoa hartu du koalizioak. Gogoratu dute udal eraikinetan 750 eguzki panel ipiniko dituztela eta Landako GUnean beste 416 ipiniko dituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!