“Musika eskola kontserbatorioaren oinarria da, bien arteko oreka ezinbestekoa da”

Aritz Maldonado 2023ko mai. 14a, 10:20

Iker Ruiz de Alegriak bigarren ikasturtea du Bartolome Ertzillako zuzendari lanetan. Lur hartu eta lanean hasteagaz batera, 40. urteurreneko ospakizunetan murgildu dira. Maiatzaren 7an, 40. urteurreneko kontzertua eman zuten San Agustin aretoan. Ehun musikari baino gehiago batu ziren, ikuslez lepo zegoen aretoan. Saio bi gehiago dituzte ikasturtea amaitu aurretik: lehenengoa, maiatzaren 27an. Bertan, Bart Sax taldeak kontzertua emango du Durangoko Ezkurdi parkeko kioskoan. Eta ekainaren 15ean, Europako musikaren eguna ospatuko dute Landakon, ikasleen kontzertu berezi bategaz.

Kontzertu jendetsua eman zenuten domekan.
Oso pozik gaude. Zerbait berezia egin gura genuen Bartolome Ertzillatik igaro diren ikasle, langile eta kideak ere kontuan hartuta, eta kontzertu hau egitea pentsatu genuen. Jende asko izango ginela ikusita, orkestra modura egitea pentsatu genuen, eta moldaketak prestatu genituen bertako instrumentu guztiek parte hartu ahal izateko. Bartolome Ertzillagaz hartu-emana duten taldeek ere parte hartu zuten; adibidez, Doinu Zahar-ek, Bogoroditsiek eta Orfeoiak. Zuzendari ohi, alkate ohi eta langile ohi asko ere egon zen.

Azken urteetan kontserbatorioak izena hartu duela esango nuke.
Egia esan, ez da erraza, zentro mistoa garelako. Musika eskola irekia da, herritar oro etorri daiteke; 4tik 7 urtera bitarteko umeak etortzea oso garrantzitsua da guretzat, horixe baita gure lanaren oinarria. Hori zaindu egin behar da. Ikasturtean zehar hainbat ekitaldi egiten dugu horretarako; adibidez, maiatzaren 12an eta 19an 5 eta 6 urteko ikasleentzat egingo ditugun kontzertuak; aurten, gainera, Markeliñeko aktore batek lagunduko digu emanaldi horietan. Kontserbatorioko ikasketak, ostera, araututa daude eta gogorragoa egiten zaie ikasleei, beste ikasketekin uztartu behar dituztelako. Musika eskolan 700 bat ikasle daude batez beste, eta kontserbatorioan 50 bat; bien artean oreka lortzea da garrantzitsuena guretzat, kontserbatoriotik irteten direlako musikari profesionalak, baina aurreko pausoa ere zaindu behar da. Goi mailako ikasketak egin dituzte hemendik igarotzen diren askok. Jaurlaritzaren zentroetariko batzuek baino batezbesteko hobea dugu. Baina ez kontserbatoriokoak bakarrik, musika eskolako ikasleek ere maila handia dute, eta Tabira bandan parte hartzen dute, adibidez.

Alfredo Sanzen lekukoa hartu zenuen orain urte bi. Zelan moldatu zara?
Nire bigarren ikasturtea da hau, eta pozik nago. Egia esan, hainbeste gauzagaz, batzuk kontrolpean eduki ditut eta beste batzuk ikasi egin behar izan ditut, baina hori gogoagaz egiten da; adibidez, erakundeekin hartu-emana izanda. Alfredoren laguntza izan dut hasieratik. Horrez gainera, Isabel Balanzategi ikasketa buruagaz eta Leire Olivenza idazkariagaz ere lantalde polita osatzen dugu. Ezinbestekoak dira eguneroko jardunerako. 

Epe ertainera begira, zeintzuk lirateke erronkak?
Erronketariko bat kontserbatorioko ikasle kopuruari eustea litzateke. Musika eskolak eta kontserbatorioak elkarren osagarri izan behar dute. Musika eskolaren jarduna baldintzatzen du kontserbatorioak, honen arabera erabakiko delako zenbat klase eman ahal izango diren. Eta lehen esan dizudan lez, guretzat oso garrantzitsua da piramidearen oinarria diren gazte horiek zaintzea. Beraz, ez da erraza. Horrez gainera, kontserbatorioan instrumentu berriekin hastea gustatuko litzaiguke. Adibidez, datorren ikasturtean tronboi ikasle bat hasiko da, lehenengoz. Urteak behar dira ikusteko beste instrumentu batzuk ere heldu daitezkeela kontserbatoriora. Bide onetik gabiltzala erakusten du horrek. Tronboi ikasgela mantendu eta handitzeaz gainera, biola gela ere handitzea gura genuke.

Horrez gainera, Jaurlaritza Goi Mailako Arte irakaskuntzak arautzen dituen dekretua prestatzen dabil; horrek ateak zabalduko lituzke orain ez dauden instrumentuak sartzeko; adibidez, trikitixa. Horiek badaude musika eskolan, baina ez dute titulaziorik.

Noiz berrituko duzue teilatua?
Gure azken berrien arabera, datorren urtean ez. Hile askoko lana izango litzateke eta ikasturte erdian ez egitea eskatu genuen. Hau da, ikasturte osoan eskolak eman ahal izateko bermea eskatu genuen. Asmoa, berez, 2023/2024 ikasturtea beste nonbait egitea zen, baina lanak bertan behera geratu direnez, datorren urtean printzipioz hemen jarraituko dugu. Lanak egin egingo dira, baina ez dakigu noiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!