Aspaldi desagertutako eraikin baten zimenduak topatu dituzte Tabirako elizaren aurrealdean

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 11a, 13:46

Ikerlariek hainbat hipotesi dute. Aukeretako batek dio arrastook Durangoko Jaunaren garai bateko dorretxearenak izan daitezkeela, Tabira izenez dokumentatutako jauregiarenak.

Historian eta arkeologian aditua den talde batek Durangoko Udalarentzat egindako ikerketak lehendabiziko emaitzak agertu ditu. Ikerlariek baieztatu dutenez, Tabirako elizaren aurrealdean, elizpearen eta errepide aldera egiten duen belardiaren arteko eremuan, garai bateko eraikin baten arrastoak daude lurperatuta. Luis Valdesek, Historiaren Errege Akademiako kideak azaldu du  "behera botatako eraikin baten zimenduak" direla, "9,5 x 7,5 metroko oinarria dutenak". Dena dela, Valdesek adierazi du momentuz ezin dutela oinarri hori zein eraikinena den baieztatu. Arrastook georadar bidez lokalizatu dituzte, eta orain hainbat hipotesi dute eskuartean. Euretako baten arabera, arrastook Durangoko Jaunaren garai bateko dorretxearenak izan daitezke, Tabira izenez dokumentatutako jauregiarenak. Gonzalo de Otalorak 1634an idatzitako testigantza aipatu du Valdesek, idatzi horretan dorretxea elizaren aurrean zegoela aipatzen baita.

1975era arte baserri bat egon zen Tabirako elizaren aurrealdean, tenpluari itsatsi-itsatsita. Baserria bota egin zuten, eta ikerketaren lehen emaitzak jaso du lurpean topaturiko arrastoak ez direla baserriarenak, hain zuzen ere, baserriaren eta lurpeko zimenduen dimentsioak ez datozelako bat.

Beste aukera, zimenduok San Pedrori eskainitako eliza egin baino lehenagoko ermitarenak izatea da. "Dena dela, normalean, elizaren aurretiko ermitaren zimenduak eliza barruetan egon ohi dira, eraikinaren handitzearen erakusle", adierazi du Valdesek. Momentuz, adituek ezin dituzte hipotesiak baieztatu edo baztertu. Ikerketan sakondu beharko dute. Horretarako, indusketa arkeologikoak egin beharko dituzte. Baina ez dago oraingoz horretarako data jakinik. 

Mikeldiko San Bizente ermitaren inguruak

Tabirako eremuaz gainera, adituek desagertuta dagoen San Bizente ermitaren inguruak arakatu dituzte. Haien asmoa Euskal Herriko kostaldea eta Ebro ibarra lotzen zituen sasoi bateko bidearen arrastoak topatzea izan da. Aitortu dute eremua oso eraldatuta dagoela, baina lortu dute hainbat eraikinen oinarriak topatzea. Esanguratsuenak 17,5 x 12,5 metroko oinarria duen eraikin baten zimenduak dira.

Ikerketan Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Javier Vallés Irisok, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antxoka Martínez eta Historiaren Errege Akademiako Luis Valdés dabiltza parte hartzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!