Gaia Durangoko Udalera eraman zuten, joan zen hileko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuta. Proposamena aho batez onartu zuten alderdi guztiek. Nuria Atienza elkarteko arduradunak azaldu duenez, udal guztietan dago zigarrokinen arazoa. "Herri eta hirietan paperontzi-hautsontziak ipini arren, arazoa ez da konpontzen. Oso normalizatuta dago zigarro-mutxikinak lurrera botatzea. Jarrera hori oso barneratuta dago gizartean, eta onartu egiten denez, udalek ez dute ezer egiten", gaineratu du Atienzak.
Mozioa onartuta, udalak hainbat ekimen aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen. Alde batetik, udalak kontzientziazio kanpaina bat egiteko asmoa duela jasotzen du mozioak. Bestetik, paperontzi-hautsontziak ipintzea beste ekimenetariko bat izango litzateke. Baina, Atienzak onartuta, puntuen artean ondorengo hau nabarmendu du: zigarrokinak lurrera botatzen dituzten herritarrei isuna ipintzea. "Udal ordenantzetan aurreikusita egon arren, udal bakar batek ere ez du isunik ipintzen zigarro-mutxikinak lurrera botatzearren. Zergaitik ipintzen dute hainbeste trafikoko isun, eta sarritan gertatzen den beste kasu hauetan ez?", galdetu du elkarteko kideak. "Onartu egiten den jarrera bat delako. Durangon, adibidez, gai honetan oso epela da ordenantza. 30etik 50 eurora arteko isuna aurreikusita dago. Portugalen eta beste leku batzuetan, arau-hauste horrengaitik 1.500 eurora arteko isuna jaso dezakezu", dio Atienzak.
Nasti de Plasti elkarteak dioenez, helburua ez da errekaudazioa. Horregaitik, isuna jasotzen dutenei sentsibilizazio tailer bat egin eta zigarro-mutxikinak jasotzeko aukera ematea proposatzen dute, isuna dirutan ordaindu behar ez izateko. Durangoren kasuan, elkarteko hiru kide hiru orduan egon ziren Alde Zaharrean zigarrokinak jasotzen. 8.000 jaso zituzten. Zigarro-mutxikinak plastikoa baino askoz ere toxikoagoak direla gogoratu dute: "Oso toxikoak dira eta estolderiatik erreketara eta itsasora doaz".