Udal eta foru hauteskundeak

Merkatu plazaren birmoldaketa 2024ko udazkenerako bukatuta egotea gura du EH Bilduk

Anboto 2023ko mai. 8a, 10:49

Ima Garrastatxu hautagaiak adierazi du legegintzaldi honetan "proiektua lantzeko tartea" hartu dutenez gero, datorren legegintzaldia "obrak gauzatzeko" izango dela.

Durangoko Euskal Herria Bilduko zerrendakideek merkatu plaza bisitatu dute asteburuan. Saltzaileekin, baserritarrekin eta erosleekin batu dira "iritziak elkar trukatzeko". Koalizioaren alkategaia den Ima Garrastatxuk adierazi du hornidura merkatua birmoldatzeko obra izango dela "datorren legegintzaldirako proiektu handienetako bat". EH Bilduk 5 milioi euro inguruko inbertsioa egin gura du bertan. "Zaharkituta geratu den espazio batetik gaur egungo beharretara egokitutako beste batera" eraman gura dute merkatu plaza. Koalizioak jakinarazi du Europako Next Geeneration diru laguntzak eskatzeko deialdira aurkeztu duela proiektua.

Iazko urte bukaeran merkatu plaza berritzeko aurreproiektua aurkeztu uen Durangoko Udalak. Orain obra egiteko proiektua idatzi gura dute. Aurtengo aurrekontuetan 265.000 euroko diru partida sartuta dagoela gogorarazi du Garrastatxuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!