Durangoko Azokaren Sormen bekak umeentzako eta familientzako sorkuntza lana sarituko du

Aritz Maldonado 2023ko mai. 4a, 13:06
Gerediaga elkarteko eta Durangoko Udaleko ordezkariak.

Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak Sormen bekaren seigarren deialdia egin dute. 2023ko deialdi honetan ume eta familiei zuzenduriko sorkuntza lana sarituko da. 

Lana edozein diziplinatakoa izan daiteke, edo diziplinen arteko uztarketatik sortua; horrez gainera, lana ikuskizun bat (zirkua, antzerkia, ipuin kontaketa...) edo euskarri bat (mahai-jokoa, musika, bideoa...) izan daitekeela zehaztu dute Gerediagako kideek. 58. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era izango da.

Aurreko deialdietan legez, laguntza ekonomikoa 15.000 eurokoa izango da. Proposamenak (banakakoak edo taldekakoak izan daitezke) irailaren 21eko 18:00ak baino lehenago egin beharko dira. Deialdiaren oinarrien laburpena www.durangokoazoka.eus webgunean jaso dituzte.

Aurten 'Eukalyptus'

Euskarazko sorkuntza eta sortzaile berriei bidea errazteko helburuagaz banatzen du Gerediagak Sormen Beka. Lehenengo bekagaz Atopia rol-jokoa bultzatu zuten, eta bigarrenagaz Kai Na- kai musikaria; hirugarrenagaz Bañolet telesaila; Ibai Aizpururen Barraka bideo-jokoa saritu zuten laugarrenagaz. Iaz, Jon Ander Urresti sortzaile bermeotarraren Eukalyptus dantza eta antzerki ikuskizuna saritu zuten, eta aurtengo Durangoko Azokan estreinatuko du lana. "Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu gura dut, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa", azaldu zuen Urrestik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!