Durangoko Udalak Madalena plaza berriaren eta Muruetatorre dorretxearen obrak esleitu ditu

Anboto 2023ko mai. 3a, 16:18

Kasu bietan obrak aurtengo ekainean hastea aurreikusi dute arduradunek. Udalak 1.123.800 euro erabiliko ditu bi espazio horiek hobetzeko.

Durangoko Udalak Madalena plaza (441.000 euro) eta Muruetatorre dorretxea (682.800 euro) berriz urbanizatzeko obrak esleitu ditu. Behin kontratuak esleituta, bi proiektuetako lanak aurtengo ekainean hasiko direla aurreikusi dute udal arduradunek. Bi kasuetan, lanen epeak zortzi hilabetekoak izango dira, ohar batean informatu dutenez.

Madalenako plaza berriaren jarduketa eremua 1.779 metro karratukoa izango da, eta lanak plazaren birgaitzean oinarrituko dira. Udal arduradunek azpimarratu dute plazako obrek plazaren "irisgarritasuna eta zabaltasun sentsazioa" hobetzen lagunduko dutela. Auzo Alai auzo elkartearekin hainbat bilera egin ondoren osatu dute proiektua.

Plazak dituen tamaina handiko ezkiak plazaren elementu bereizgarrietako bat dira, eta, beraz, behar duten espazioa emango zaie. Horretarako, udalak gainbegiratze berezia kontratatuko du obretarako, ezkiek kalterik jasan ez dezaten.

Muruetatorre, kulturarteko eta elkarteetako gune

Muruetatorre dorretxea, 1660 urtearen ingurukoa, balio sinboliko handiko eraikin historikoa da, hainbat hamarkadatan erabili gabe egon dena. Obrak esleitu ondoren, udalak kulturarteko eta elkarteetako gune berri bat sortuko du bertan, inguruko bizilagunentzako zentro zibiko gisa balioko duena.

Dorretxea 1.100 metro karratuko lursail hesitu batean dago, eta berau ere herritarrei ere zabalduko zaie. Erreforma proiektuak "anbizio handiko" planteamendua du energia kontsumorako, eta "%93 aurreztea" aurreikusten dute energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan eta CO2 isurketetan.

Lan horiek finantzatzen laguntzeko, Durangoko Udalak 211.748 euroko dirulaguntza jaso du ‘Next Generation' funts europarren eskutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!