Egoitz Carpenter durangarraren lan bat aukeratu dute 'No Todo Film' jaialdirako

Anboto 2023ko mai. 2a, 10:24

La Fabricak antolatzen du No Todo film fest jaialdia, Netflix plataforma digitalaren laguntzagaz; #DesdeOtraPrisma deialdirako hautatu dituzten hogei lanen artean dago Carpenterren 'Al final del túnel'. 

"Hautaketa hau bultzada bat da zinemagintzaren industrian nire ibilbidea garatzeko", azaldu du Carpenter berak ohar batean. "'Al final del túnel' esku artean ditudan proiektuetako bat da, eta hau, idazten jarraitzeko bultzada bat da". 

'Al final del tunel'-en ardatza maitasun harreman bat da. Mutil bat itsu geratuko da gaixotasun degeneratibo baten ondorioz, hain zuzen ere, bere ametsetako mutila ezagutzen duen egun berean. 

Egoitz Carpenter Durangon jaio zen, 1999. urtean. Zientzia Politikoak ikasi ostean, Malagan (Espainia) zine ikasketak egin zituen. Ordutik, hainbat laburmetrairen ekoizpen zuzedari lez lan egin du, eta hainbat gidoi idatzi ditu, baita ere; gidoigintzako irakaslea ere bada Carpenter, Malagako Rayuela liburu dendan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!