“Klasikoetan gizonezkoak dira protagonista; horrek ere adierazten du zelako literatura dugun”

Anboto 2023ko mai. 1a, 10:00

Ideia aspalditik buruan bueltaka izan arren, Hitzez eta Ahotsez ekimeneko taldekideek bederatzigarren ediziora arte itxaron dute umorea gai lez aukeratzeko. “Erronka bat izan da euskarazko literaturan umorea bilatzea eta hori azaleratzea”, azaldu dute elkarrizketan. Endika Blanco Bravo, Marisa Barrena Larruzea, Miren Bihotza Erzilla Aroma eta Maripa Garaizabal Aizpurua Hitzez eta Ahotsezeko kideekin batu da ANBOTO. Solasaldian, Hitzez eta Ahotsez sortu zenetik hil diren zortzi irakurle eta argazkilariak ere gogoan izan dituzte; azkena Jose Mari Bilbao ‘Mañari’.

Existitzen da umorea euskal literaturan?
Marisa Barrena Larruzea: Kontua da zer den umorea. Egon badago, baina Ane Labakak Algara mutilatuak liburuan dioen moduan, emakumeak baztertuta egon gara. Eta hori plazaratzea garrantzitsua da.
Miren Bihotza Erzilla Aroma: Ironia oso euskalduna den zerbait dela esango nuke; baina hankamotz dago. Eta desberdina da ahozkoa izan edo idatzitakoa.

Kostatu zaizue irakurketarako testuak aukeratzea?
Maripa Garaizabal Aizpurua: Ni hikarako ibili naiz begiratzen, eta egia da kostatzen ari zaidala, eta emakumeenak, are gehiago.
Endika Blanco Bravo: Topatu dugun gehiena gizontasunetik idatzia izan dela ikusi dugu. Beraz, erronka bat da hor arakatu eta zeharka edo ezkutuan emakumeek zer sortu duten ikustea, eta hori plazaratzen ahalegintzea.
M. B. L.: Badago gizonezkoen umorea; adibidez, Pernando Amezketarra, edo Kirikiño... Klasikoetan gizonezkoa da protagonista, eta andrak bigarren mailakoak; askotan estereotipotik, gainera. Hori ere adierazgarria da, jabetzeko zelako literatura daukagun. 
M. B. E. A.: Norbere sorkuntzak ere egoten dira irakurtaldi girotuan, eta hor ere espero dugu egotea umore freskoago bat. 

Zelan joan dira aurtengo beste ekitaldi biak?
M. G. A.: Oso ondo. Jendetsuak izan dira. Beatriz Egizabalek Baobo saioa egin zuen. 60 lagun batu ginen liburutegian literaturaz berbetako. 
E. B. B: Beatrizek ere onartu zigun oso pozik zegoela. Esan zigun ez duela hainbeste aukerarik horrelako saioak egiteko.
M. B. L: Ane Labakaren berbaldia ere oso ondo egon zen. Aurpegi berriak ikusi ditugu ekitaldi bietan, eta hori ere oso pozgarria da. Irakurtaldi girotuan, 180 bat lagun egongo gara. 

Tokiz aldatu duzue ekitaldia.
E. B. B: Horixe da aurtengo berrikuntzarik handiena. Lehenengotan, Plateruenean egiten hasi ginen; hau ixterakoan, San Agustinera mugitu ginen; hor ere oso ondo konpondu ginen arren, ekitaldia gehiago zabaldu guran kalera, Benita Uribarrena parkera, ateratzea erabaki dugu, ea horrela jende gehiago datorren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!