Arrazakeriaren kontrako berbaldia, Durangoko kirol eragileen eskutik

Anboto 2023ko api. 21a, 12:22

Deniba Konare. (Argazkia: Durangoko Judo Taldea).

Deniba Konare judokak eta Tabirako saskibaloi taldeko presidente Hilario Perezek mahaingurua egingo dute Asmae El Ourdi errugbi jokalariak eta umeen aurkako indarkeriaren prebentzioko espezialista Iñaki Alonsok lagunduta.

Durangoko Udalak arrazakeriaren kontrako astea antolatu du. Aurtengo edizioan, kirola hartuko du tolerantzia sustatzeko tresna gisa. Hori dela eta, maiatzaren 3an, zuzeneko irratsaio bat egingo dute hainbat kirolariren eta adituren eskutik. Bertan izango dira Deniba Konare judoka durangarra, Asmae El Ourdi soziologo eta errugbi jokalari kataluniarra, Hilario Perez Tabirako saskibaloi taldeko presidentea eta Iñaki Alonso, umeen aurkako indarkeriaren prebentzioko espezialista. Irratsaio-mahaingurua jendaurrean egingo dute San Agustin kulturgunean. 19:00etan izango da. 

Bestalde, World Kafea egingo dute maiatzaren 11n, Elkartegian. Tokiko kirol eragileei zuzendutako taldelan dinamikak landuko dituzte, kirol arloko arrazakeriari buruz hausnarketa partekatua eginda. Lan saioak 18:00etan hasiko dituzte eta Iñaki Alonsok gidatuko ditu, umeen aurkako indarkeriaren prebentzioko espezialistak.

Azkenik, Durangoko ikastetxeetan giza eskubideen lanketak, zinema, irratsaioak eta prestakuntza landuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!