Aitor Bugalloren oroimenezko txirrindularitza proba egingo dute domekan, Durangon

Anboto 2023ko api. 21a, 09:12

Dromedario Flotamet taldeko txirrindulariak lasterketa batean. (Argazkia: Duranguesa)

Kadete mailako txirrindularirik onenak Durangon batuko dira domekan, Aitor Bugalloren oroimenezko 8. lasterketan. Bizkaiko Koparako puntuagarria izango da. Proba 16:00etan hasiko da, Ezkurdin. 55 kilometroko ibilbidean, Miotarako joan-etorria birritan egingo dute txirrindulariek. Ondoren, Garaira igo eta Goiuriatik jaitsiko dira, 17:30 inguruan Durangon helmugaratu aurretik. Parte hartuko duten taldeen artean Durangaldeko bat dago: Café Dromedario Flotamet. Guztira 150 bat txirrindulari batzea itxaroten dute Duranguesa txirrindularitza elkarteko antolatzaileek.

Bizkaiko Kopa Zornotzan hasi zen, apirileko lehenengo asteburuan. Lasterketa hura Danena kirol elkarteko Eñaut Urkaregik irabazi zuen, Jon Cardonaren aurretik. Durangokoa Kopako hirugarren lasterketa izango da. Durangaldean beste proba bat ere egongo da; Abadiñon, hain zuzen ere, datorren maiatzaren 7an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!