Hego Korean ezaguturiko produktu bat du oinarri Revueltok.
Bai, apur bat ikertuta ikusi genuen beste herrialde askotan ere bazegoela. Proba asko egin genuen produktu definitiboa aurkitzeko: saltsak, ogia... Hego Korean ezaguturiko produktua Madrilera egokitu gura genuen, eta bertako zaporeekin uztartu: tipula karamelizatua, ahuntz gazta, trufa saltsa... Hiru hilabetez egon ginen han, unibertsitateko bidaia batean.
Zerk harritu zintuen gehien Hego Koreatik?
Harrigarria dirudien arren, janari korearra ez zitzaigun asko gustatu; oso pikantea da guretzat. Baina herrialdea oso berezia da. Xehetasunei ematen dieten arreta gustatu zitzaidan gehien. Kafetegi guztiak ederrak dira, arreta handiz apainduta eta janaria menuko argazkien berdina da beti. Ostalaritzan joera guztiak muturrera eramaten dituzte eta zerbait modan ipintzen denean, oso-oso modan ipintzen da.
Ilara luzeak omen dituzue zuen Revuelto sandwicha erosteko. Itxaroten zenuten halako arrakastarik?
Gustukoa izango zela pentsatu genuen, guri asko gustatzen zaigu eta. Baina, egia esan, ez genuen horrenbesteko arrakasta espero. Foodie influencer asko etorri da eta milioika ikustaldi dituzten reel-ak ipini dituzte, eta horrek komunikabideen interesa piztu du. Gainerakoa bakarrik etorri da. Hala ere, badakigu oso gatxa dela arrakasta honi eustea.
Zeinek du arrakastarik gehien?
Bacon Cheese-ak. Dena dela, Burrata Pesto zaporeduna ere hasi gara saltzen orain dela gutxi, eta gure bezeroen berbetan horixe da hoberena. Sandwich guztiek gauza batean dute antza, hiru osagai hauek dituzte: brioche ogia, arrautza nahasia eta sweet mayo saltsa.
Zein da zuen erronka? Euskal Herrian aurkituko ditugu inoiz zuen sandwichak?
Revuelto gehiago zabaldu gura genituzke, Madrilen lehenengo eta beste hiri batzuetan ondoren. Erronkarik handiena laster horretarako finantzaketa lortzea da, beste enpresaburu batzuek gure ideia asko kopiatzen dabiltzalako. Ziurrenik inbertsio txanda bat zabalduko dugu. Revuelto Euskal Herrira eramatea ere gustatuko litzaiguke, etorkizunean etxera bueltatu gura dugulako.
Gomendatuko diguzu sandwich bat?
Burrata Revuelto dut gustukoena.
Alzehimerra dutenentzat karta pertsonalizatuak ere sortu izan dituzu, beste ikaskide bigaz.
Bai, Medori. Oso proiektu polita izan zen, eta arrakasta handia izan zuen gainera. Murala ere egin genuen Barakaldon, zaharren egoitzakoekin. Oso hunkigarria izan zen.