“Ikertu ostean, mugak hain argi edukita, oso zaila egiten zitzaidan umorea sortzea”

Anboto 2023ko api. 21a, 13:00

Argazkia: Txintxarri

Hitzez eta ahotsez egitasmoak antolatuta, Ane Labaka bertsolari eta sortzaileak berbaldia emango du gaur: Umorea disekzio-mahaian: nork, nondik, nola?

Hitzez eta ahotsez egitasmoko lagunek egin duten galdera bera egingo dizut. Badago umorerik euskal literaturan?
Askotan esaten da, bere historiagatik edo gatazkak eduki duen pisuagatik, beste modu bateko testuak idaztea izan dela joera Euskal Herrian, baina uste dut umorezko testuak ere badaudela. Azken urteko lanetan ere behin baino gehiagotan agertzen da umorea. Ez dakit umorea ala ironia den, pixka bat zaila baita hori mugatzea, baina badaude umorezko testuak, eta a priori pixka bat serioagoak diren lanetan ere agertzen dira umore printzak; iaz Euskadi Literatur Saria irabazi zuen Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa ez nuke esango umorezko liburua denik, baina, irakurri ahala, hainbat momentutan irribarrea ateratzen dio irakurleari. Beraz, esango nuke baietz, badagoela umorea euskal literaturan. 

Sarri umoreaz galdetzen da umore bakarra balego legez.
Beste gauza guztiekin gertatzen den bezala, umore hegemonikoa oso maskulinoa izan da, goitik beherakoa, zapaltzailea, pixkat bazterrean geratu diren horiei edo hain desiragarria ez den horri barre egiten diena, eta hori ere pixka bat hausten ari dela esango nuke. 

Berbaldian, bertsolaritzari loturiko umoreaz ala orokorrean arituko zara?
Nire lana horixe izan da hasieratik. Orokorrean, umorea ulertzeko gako batzuez arituko naiz, mekanismo eta funtzionamendu batzuez, eta horiek azaltzeko, lurreratzeko, oso baliagarriak zaizkit bertsolaritzako adibideak, horiek egiten zaizkidalako hurbilekoenak; egunerokoan sortzen zaizkidanak ere erabiltzen ditut, baina, egia esan, normalean bertsolaritzari loturikoak erabiltzen ditut; gainera, normalean, hitzaldietarako deitzen didaten lekuetan ere bertsolaritzari loturiko erreferentziak izan ohi dituzte. Esango nuke horrek laguntzen duela, hain abstraktuan hitz egin gabe, gaiek lur hartzen dutelako horrela. 

Arlo akademikoan ikerketagai, umorea tresna ere izaten duzu sorkuntzarako edo bertsotarako. Nondik datorkizu umoreagazko hartu-eman hori?
Nik uste, zauri batetik. Beti kontatzen dut hamabi bat urterekin hasi nintzela bertsotan; lehenengo plaza edo eskolartekoetan, beti azpimarratzen zidaten [gerora jakin dut neska bertsokide gehiagori ere egiten zietela berdina] zeinen ona nintzen alde seriotik kantatzen, edota diskurtsoak eraikitzen. Ez ziguten esaten, ostera, umorean hain onak ginenik, justu bertsogintzan hain preziatua den alorra izanda, gainera. Hor joan nintzen ulertzen hori ez zela niri zegokidan espazio bat, ez nuelako baloratzen umore mota hori; ez nuen konektatzen, ezta disfrutatzen ere. Baina denborarekin konturatu naiz kontua ez zela nik ez nekiela umorea egiten, edo ez nuela gustuko, baizik eta plazetan zegoen umore hegemoniko horrek ez ninduela betetzen, ez hartzaile gisa, ezta sortzaile gisa ere, ez ninduelako motibatzen sortzera.

2021ean Algara mutilatuak publikatu zenuen, eta ostean hainbat berbaldi eman duzu umorea gai hartuta. Igarri duzu aldaketarik jendeak umorea ulertzeko duen moduan?
Bai, nik uste geroz eta gehiago hitz egiten dela umorearen mugei buruz, batez ere feminismotik. Feminismoa indartzen joan ahala, aldez aurretik hutsaltzat hartzen ziren hainbat gai erdigunera ekarri dira. Zenbat aldiz entzun da umoreaz hitz egiterakoan "ez da hainbesterako", edo "txiste bat baino ez zen". Hori aztertzen hasita, umorea erdigunera ekarri da, baina kritikarako tresna ere badela ikusi da, eta presente dagoen gai bat dela esango nuke. Adibidez, Akelarre saioagaz gertatu dena ulertzeko balio digu horrek. Umoreari duen garrantzia ematen ari zaio. 

Zuri aldatu zaizu umorea bizitzeko modua?
Momentu batean obsesio moduko bat izan nuen umorearekin. Hainbeste ikertuta, eta mugak hain argi edukita, hainbeste kritikatuta, oso zaila egiten zitzaidan umorea sortzea, denbora guztian gauza horiek ikusten nituelako. Denborarekin, baina, askatzen joan naiz, eta egun, bertsokideen edo sortzaileen aldetik estimatzen dudan gauza bat da, eta konturatu naiz zein konplexua den umoretik sortzea. Askotan esaten da bertsotan publikoa hunkitzea errazagoa izan daitekeela publikoari barrea eragitea baino. Lanketa hori egin dut eta umorea baloratzen ikasi dudala uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!