Rock doinuek Plateruena kultur aterpea hartuko dute ostera ere

Anboto 2023ko api. 20a, 15:00

Mikel Kazalis, Andoni Basterretxea, J.J Yurrita eta Haritz Harreguy.

Delirium Tremens talde gipuzkoarra Plateruenera bueltatuko da bihar, eta Durangoko Azokako Ahotseneakoa baino kontzertu luzeagoa joko du. 2022an itzulera iragarri zuenetik, taldeak Hordago diskoa kaleratu du, eta dozenaka kontzertu eman ditu. Andoni Basterretxea eta Juan Jose Yurrita Txufuz taldearen sortzaileekin batera, Mikel Kazalis (baxua) eta Haritz Harreguy igoko dira taula gainera orain ere. Kontzertua 22:00etan hasiko da. 

Delirium Tremens 1985ean sortu zuten Basterretxeak (ahotsa eta gitarra),Txufuk (bateria) eta Javier Bilbatua Billyk (baxua); 1987an Zarrapo taldeagaz batera Hemen denak berdinak dira (Oihuka) diskoa kaleratu zuen, eta 1989an Ikusi eta ikasi  lan ezaguna. Lanak arrakasta handia izan zuen, Laino ilunak, Boga boga, eta Kaixo abestiengaitik batez ere. 

La Excavadora, biran
Talde gazteagoa da La Excavadora, bertako kideak aspalditik dabiltzan arren musika munduan. 2019 amaieran sortu zuten taldea Pelak (SCB, Marky Ramone´s Blitzkrieg...), Txikik (Gatillazo, La Polla Records, Rockaina...), Butonek (Gatillazo, Al Karajo...) eta Mikelek (Childrain, Vicepresidentes...). Bigarren diskoa kaleratu dute oraintsu, Todo es para destruir, eta bira betean daude hau aurkezteko; besteak beste, Logroñon (Espainia), Zaragozan (Espainia) eta Arrasaten joko dituzte kontzertuak udaberrian. Metal, punk eta rock doinuak uztartu dituzte bigarren lan honetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!