Reala-Erroma partidaren aurretik izandako istiluekin lotuta pertsona bat atxilotu dute Durangon

Anboto 2023ko api. 19a, 20:43

Martxoaren 16an, Donostian jokatutako Reala-Roma futbol partidaren aurretik gertatutako istiluetan ustez parte hartu izanagatik bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, euretariko bat Durangon. Bost atxilotuak 27 urtetik 41 urtera bitartekoak dira, eta desorden publikoak eta kalteak leporatu dizkiete. Operazioa oraindik zabalik dago, eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du inplikatu gehiago identifikatzeko.

Europa Ligaren barruan jokatutako Realaren eta Erromaren arteko partidan hasi ziren istiluak, Anoeta futbol zelaiaren inguruan. Erromako taldearen zaleen autobusak futbol-zelaira inguratzen ari zirenean, hainbat pertsonak desordena publikoak sortu zituztela azaldu du Ertzaintzak, eta, besteak beste, objektuak eta bengalak bota zizkieten jarraitzaile italiarren autobusei eta segurtasuneko polizia-dispositiboa osatzen zuten ertzainei. "Ertzaintzak babestuta autobusen konboia pasatzen ari zenean, galtzada-harriak, harriak, estolda-tapa bat eta era guztietako objektuak bota zizkieten", azaldu du Ertzaintzak ohar batean. Istilu haietan 19 urteko gizon bat eta 31 urteko beste bi atxilotu zituzten, desordena publikoak eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta.

Ertzaintzak delitu-egintza horiek ikertzen jarraitu du, eta ikerketa horren ondorioz identifikatu eta atxilotu ditu partidaren aurretik gertatutako istiluetan ustez inplikatuta dauden beste bost pertsona. Donostian, Lezon, Bergaran eta Durangon izan dira atxiloketak. Atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte polizia-eginbideekin jarraitzeko, eta, horiek amaitzean, Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte, azaldu dutenez. Operazioa zabalik dago oraindik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!