Jose Mari Bilbao Arteagak herrigintzan eta euskalgintzan hainbat proiektu bultzatu zituen. Mañarian jaioa 1944an, Durangoko eragile sozialetan militatu zuen. Herri Batasunako zinegotzia izan zen Durangon 1979-1987 urteen artean. Intxaurreren sortzaileetariko bat izan zen. Gerediaga elkarteko zuzendaritza batzordean ere parte hartu zuen 14 urtean. "Gerediagako zuzendaritzan egin zituen 14 urteez aparte, elkartearen jardunari begirako ekarpenak egin zituen eta ekintzetan laguntzeko prest izaten zen beti. Prestutasun hori eskertzekoa izan da beti", azaldu du Gerediaga elkarteak. Pertsona langilea eta konprometitua izan zen Bilbao, militatu zuen mugimendu guztietako kideek azpimarratzen dutenez. Durangoko EHEk Bilbaoren inguruan ondorengo adierazpena egin du sare sozialetan: "Zure ereduarekin borrokan jarraituko dugu Euskal Herri euskalduna eraikitzeko". Sortuk ere bere sare sozialen bidez Bilbaori eskerrak eman dizkio "herria egiteagatik". Atsegin eta irribarretsu, horrela gogoratuko dute beti Jose Mari Bilbao 'Mañari' ezagutu dutenek.
Jon Irazabalen testua:
Jose Mari Bilbao 'Mañari', in memorian.
“Dies nostri sicut umbra transut” dio Otxandioko udaletxeko eguzki erlojuak. Hau da, gure egunak itzal baten antzera pasatzen dira, eta horrela da egia. Gaur hil zarala jaso dugunean berria eta zutaz lau lerro idaztea eskatu didate. Oroimen asko burura eta denak nahasturik, dena dela barre egin dut gogoratuz nire estiloa “zuzena eta gogorregia izanik” ez zela zure gustukoa, baina saiatuko naiz zure oroimenean lerro goxo hauek idazten.
Mañarian jaio zinen 1944an eta hortik gaitzizena. Nahiz eta herri hartan iraun zure zaparro garaiak gaztaroan, zure amarekin, Durangora aldatu zenuen etxola. Durangoko Maristetan delineante ikasketak burutu ondoren, inguruko enpresatan lanean aritu zinen. Geroago zeure kabuz jarraitu zenuen lanean, baina zure benetako ofizioa herrigintza izan zenuen.
60/70eko hamarkadan, beste hainbat euskal gazte bezala, isiltasuneko euskal munduko militantea izan zinen. Mataderoko zure etxea beti zabalik izan zuten alderdi, sindikatu eta beste hainbat eta hainbat herri ekimenek. 1979an herriarekiko konpromisoan pausu bat gehiago eman zenuen eta Herri Batasunako zinegotzi aukeratu zintuzten Durangon. 8 urtetan iraun zenuen [1979-1987] zinegotzi, hurrengo belaunaldiei testigua eman arte. Durangoko Museoa, San Agustin Kultur Gunea, Intxaurrondoko behatoki astronomikoa eta hainbat proiektu burutzea izan zen zure obsesioa. Eta nola ez gogoratu zure seme-alaba maitagarriena… Intxaurre. Jausteko gutxi falta zela hartu zenuen berreraitzeko eta herriari zabaltzeko konpromisoa. Bost urte luzeko lanen ondoren 1988 an zabaldu zituen Intxaurrek bere ateak, abertzale eta ezkertiarren mintegia izateko.
Konpromiso politikoaz gain, euskara eta gure kultura izan ziren zure bizitzako ardatzak. Konpromiso horrek eraman zintuen Gerediaga elkartera eta 14 urtetan zehar [2003-2017] elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea izatera. Mañarian jaioa, Durangon koskortua, Durangaldearen eta Euskal Herriaren herritar amorantea, abertzalea, ezkertiarra, askatasunaren maitalea eta euskalduna izan zinen Jose Mari Bilbao Arteaga 'Mañari'. Lurra arina izan dakizula.
Jon Irazabal Agirre “Kata”.