Landakoko igerilekuak aldagela mistoa berreskuratuko du

Anboto 2023ko mar. 31a, 10:00

Aldagela berrezartzeko eskaria EAJk egin zuen osoko bilkuran eta Durango Kirolak-en. 

Durangoko EAJk jakinarazi du Landakoko igerilekuak aldagela mistoa berreskuratuko duela, hilabete bi eta erdian bertan behera itxita egon ostean. "Erabiltzaileek eta EAJk ipinitako kexei esker," gobernu taldeak aldagela ipintzeko erabakia "berriz aztertu" duela diote jeltzaleek. “Inklusibitatea eta aniztasuna oso kontuan hartu beharreko gaiak dira herritarrei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan”, azpimarratu du Jon Sergio zinegotzi jeltzaleak.

Bestalde, EAJk kiroldegiko langileen grebak indarrean jarraitzen duela gogoratu du. "Erabiltzaileek zerbitzurik gabe jarraitzen dute, eta hori onartezina da. Hilabete eta erdi igaro da jada, eta gatazkak konpondu gabe jarraitzen du", diote EAJko kideek. Gobernu taldeari eskatu diote "premiaz" esku hartzeko gatazkan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!