[BIDEOA]: Hobi komunetan isilarazi zituztenen oroimena betikotu dute

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 30a, 20:14

Arratsalde honetan Oroimenaren Gunea zabaldu dute Durangoko hilerrian. 1937ko Martxoaren 31ko bonbardaketak eta gero hobi komunetan isilarazi zituztenei duintasuna bueltatzeko gunea.

Oroimen ekitaldi hunkigarria izan da. Biktimen senideak krabelina eskuetan egon dira ekitaldi osoan zehar. Belaunaldi desberdinetako 50 bat senide. Haien ondoan, Gerediaga elkarteko kideak, Durango 1936 elkartekoak, Aranzadiko kideak, Durangoko alderdi politikoetako ordezkariak eta Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro. Ekitaldietan, hobi komunetan lurperatutako biktimetako baten senideak egin du berba. Pilar Martinez Lizarritu eibartarrak. Kontatu duenez, bere senide Juana Barrutiak eta Vitoriano Lizarrituk ihes egin zuten Eibartik gerra herri armaginera iritsitakoan. Durangon babes hartu zuten arren, bonbardaketak harrapatu zituen. 

Hobi komunetan lurperatu zituztenen senideek ez dute gune propiorik izan orain arte. Aurrerantzean bai, memoriarako eta duintasunerako leku bat izango dute Durangoko hilerrian. Jesus Jauregi artistak egindako eskultura, hain zuzen. Jauregik euskal hilarrietan inspiratutako lana egin du, "burdinazko memoria" irudikatzen duena. Ekitaldian zehar hobi komunetan isilarazi zituzten 84 biktimen izen abizenak irakurri dituzte, eta bertaratutakoek krabelinak utzi dituzte eskulturaren gainean.

Ima Garrastatxu alkateak eta Julían Ríos alkateordeak hitz hartzea egin dute omenaldian zehar. "Bidean asko galdu genuenok iraganera begiratu behar izaten dugu, etorkizunari ekiteko. Faxistek zerutik, hilarazi, isilarazi gintuzten. Eta biktimetako 84 hona ekarri zituzten ahanzturan uzteko asmoz. Hemendik aurrera oroimen gune duin bat izango duzue senideak oroitzeko", esan du Garrastatxuk. Ríosek omenaldia "berandu" datorrela aitortu du. "Zuen mina, partzialki bada ere, erreparatzeko gunea da honako hau. Guretzat oso inportantea da duintasuna bueltatzeko lanekin jarraitzea. Zerbait xumea bada ere, gune honekin duintasuna bueltatu nahi dizuegu", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!