[ZUZENKETA] Aldamiotik behera jausi eta gero ospitalean dagoen langilea onik dago

Anboto 2023ko mar. 30a, 13:21

Atzo ANBOTOk behargin bat hil zela zabaldu zuen, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bidalitako oharrean informazio hori zehazten zelako. Gaur, Gazteriaren Kontseiluak berak, informazio hori zuzendu du, langilearen osasun egoera "egonkor" dagoela adierazita. 

Atzo hedabide honek lan heriotza baten berri eman zuen. Adierazi genuen astelehenean Durangoko aldamio batetik behera jausitako hiru langileetako bat hil egin zela. Informazioa, baina, ez da zuzena. Langilea "egonkor" dago.

Atzoko albistea Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak helarazitako prentsa ohar batean oinarrituta idatzi eta zabaldu genuen. Euskarazko oharrak honako hau zioen: "Beste behin ere, gazte batek lanean zegoela bizitza galdu izana" deitoratu du EGK-k. ANBOTOk informazio hori oinarritzat hartu eta lan heriotza izan zela zabaldu zuen. Gaur, baina, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak berak onartu du atzo bidalitako informazioan "akats" bat zegoela, eta errektifikazio oharra kaleratu du. Honako hau azaldu dute: "Atzo, martxoaren 29an, astelehenean gertatutako lan istripuaren harira bidalitako prentsa oharrean, euskarazko bertsioko informazioan kontraesan bat zegoen". "Beraz, arazoa euskarazko bertsioko prentsa-oharrean bakarrik egon dela azpimarratu nahi dugu. Informazio honek gaizki ulertua ekarri du. Honekin barkamenak eskatu nahi dizkiegu komunikabide ezberdinei, haien eguneroko lanean sortutako eragozpenengatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!