Durango 1936 elkartearen aldizkariak zenbaki berri bat, laugarrena, gehitu dio bere ibilbideari. Ale berrian, "eskuineko eragileek" 1968 eta 1977 artean eragin zuten errepresioa jaso dute. Elkarteko kideek gaur aurkeztu dute zenbaki berria Durangoko Kurutzesantun egindako agerraldian. Batetik, Durangoko Gure Kabiya eta Atxondoko Gazteleku tabernek 1975ean jasan zituzten atentatuak dokumentatu dituzte. Horretarako, sasoi hartan tabernaren arduradunak zirenak elkarrizketatu dituzte. Itziar Bernas atxondarra eta Durangoko Bilbao familiako kideak.
Bestetik, oraindik argitu barik dagoen gertakari bat jaso dute: Josu Retes durangarrari 1975eko urtarrilean gertaturikoa. Aldizkarian jasorikoaren arabera, Retes lurrean botata eta odolez inguratuta agertu zen urte hartako urtarrilaren 5ean. Garaiko durangarrek esaten dute gertakaria "inkontrolatuei" egotzi zitzaiela, baina polizia ikerketak "eskasak eta laburrak" izan ziren, Durango 1936 elkartearen berbetan. Aldizkariaren beste atal batek Guardia Zibilak egindako "kontrol, mehatxu, atentatu eta jipoiak" dokumentatzen ditu. Hidalgo kapitaina zeritzonari buruzkoak jaso dituzte, Marisa Barrenari egindako elkarrizketarekin batera. Horrez gainera, Jimi Jimenez ikerlariak Durangoko hilerriko hobi komunen ikerketak emanikoak azaldu ditu. Eta Jon Irazabal ikerlariak, bestalde, Lorenzo Gaztelumendi Bilbao, nazien kontzentrazio eremu batean hil zen durangarraren berri eman du artikulu batean. Dokumentazio lanak handitzeko asmoz, elkarteko kide Andoni Barreñak herritarrak deitu ditu sasoi hartako lekukotasunak ematera.
Aldizkari berria 2 euroan ipiniko dute salgai. Martxoaren 31ko oroimen ekitaldian postutxo bat ipiniko dute ale berriak saltzeko. Gainontzean, honako puntu hauetan egongo da eskuragarri: Durangoko Hitz, Urrike eta Arteka liburu-dendetan, Etxebarria prentsa-saltokian, Iurretako kopistegian, eta Iurretako Bodeguilla eta La Guipuzcoana tabernetan.