Landaederra eta Santa Luzia aldeko baso bi erosiko dituzte, bertoko espezieak sartzeko

Anboto 2023ko mar. 29a, 11:17

Durangoko Udalak zortzi hektarea baso erosiko ditu, arlo bi horietan espezie autoktonoak sartu eta bertako biodibertsitatea zaintzeko. 32.424 euroko inbertsioa egingo dute. 

Durangoko Udalak jakinarazi du baso bi erosiko dituela bertoko espezieak sartzeko eta biodibertsitatea zaintzeko. Lur arlook Landaederra eta Santa Luzia inguruetako basoak dira. Batetik, Basobaltza deritzon arloa erosiko dute, Landaederrako merenderoaren ondoan dagoen eremua. Sektore horretan zuhaitzak eta fruta arbolak sartuko dituzte. Bestetik, Santa Luzia eta Katazka auzoen arteko tartea erosiko dute, onura publikoko mendiekin muga egiten duen baso-eremua. Bertan ere landaketa autoktonoak egitea aurreikusi dute. Udalaren berbetan, baso biek "natura ahalmen handia" dute. "Biodibertsitatea sustatzearen aldeko apustua" egin dutela gaineratu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Jorge Varela zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!