Laban egitea saihesteko lanak hasi dituzte Durangoko Alde Zaharrean

Anboto 2023ko mar. 28a, 09:09

Makina berezi batekin mikrozulaketak egingo dituzte Alde Zaharreko lurrean, horrekin oinezkoen eta zoladuraren arteko kontaktua hobetzeko. Tratamendu-lanak Sanmartinpe kalean hasi dituzte, eta gainerako kaleetara zabalduko dituzte datozen egunetan. Lanok Ezkurdiko arkupeetan ere egitea aurreikusi du Udalak.

Durangoko Udalak Alde Zaharreko kaleetan laban egitea ekiditeko lanak hasi ditu. Tratamendua Barrenkale, Artekale, Goienkale, Kalebarria, Komentukale, Andra Mari eta Zeharkalea kaleetan egingo dute, 12.076 metro karratuko eremuan guztira. Horrez gainera, tratamendua Ezkurdi aldera ere zabaltzea aurreikusi du Udalak. Bertako arkupeetan ere egingo ditu antzera bateko esku hartzeak. Orain arte proba pilotuak egin dituzte Alde Zaharreko puntu bitan. Emaitzak "egokiak" izan dira Udalaren berbetan, eta horregatik erabaki dute tratamendua Alde Zahar osora zabaltzea. Laban egitea saihesteko neurri honek 8-10 urte irautea aurreikusi dute.145.000 euroko inbertsioa egingo dute guztira. 

Zuntz optikoa eta zarata mapa

Bestalde, Durangoko Udalak jakinarazi du telefono konpainia birekin hartu emanetan dabilela, Alde Zaharrean zuntz optikoa instalatzeko proposamena lantzen. Aurreikuspenen arabera, "denbora gutxian", Alde Zaharreko bizilagunek interneterako "konexio duina" izango dutela adierazi dute udal arduradunek. Era berean, Udalak Zarataren Mapa egitea esleitu du, alde zaharrerako azterketa akustiko zehatz bat egiteko helburuarekin. Horretarako, proiektua gauzatuko duen enpresa laster jarriko da harremanetan Durangoko Alde Zaharra elkartearekin (DAZ), neurketak egiteko datak eta kokalekuak zehazteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!