Jose Manuel Rozasen erakusketa antolatu dute Durangoko museoan, Hego Euskal Herriko lehena 26 urtetan

Aritz Maldonado 2023ko mar. 23a, 13:52

Jose Manuel Rozasen heriotzaren 40. urteurrenean, Berpizkundea erakusketa antolatu dute Durangoko Arte eta Historia museoan. "40 urtetan ez da inoren ahotan egon, hein batean istripuz hil zelako, eta orain bere obrari beste bizitza berri bat ematekotan antolatu dugu 'Berpizkundea' erakusketa", azaldu du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak. Gaur izango da aurkezpen ekitaldia, eta bihartik aurrera egongo da ikusgai, maiatzaren 21era arte. 

"40 urteurrena Jose Manuel Rozas zenaren irudiari bultzada berria emateko aprobetxatu gura dugu, izan ere, bizirik zegoenean errekonozimendu handia zuen artista izan arren, bere heriotzaren ondoren gutxi jakin da berari eta bere lanari buruz. 1997.an Bilboko Guggenheim museoan erakutsi ziren azken biderrez Rozasen lanak", azaldu du Ander Lopezek prentsaurrekoan; Lopezek idatzi ditu katalogorako testuak. Ander Lopezek berak berbaldia eskainiko du maiatzaren 4ean. Arrizabalagak Rozasen unibertsoak sortzen duen erakargarritasun indartsua nabarmendu du; "garaiko testuingurua" islatzeko gaitasuna azpimarratu du Lopezek, baita ere. 

Arte eta Historia Museoa eta Durango erreferentziazkoak direla nabarmendu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak, eta erakusketa Aste Santuko oporraldian Durango bisitatzeko aukera paregabea dela azaldu dute. 

Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, gaur, martxoak 23; ekitaldian Fernando Zamora poetak eta rapsodak emanaldia eskainiko du Antonio Ligero biolinistarekin batera. Apirilean eta maiatzean bisita gidatuak egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!