Durango Gaitasun Handiko Osasun Zentro berri bat kokatzeko "leku egokia" dela ebatzi du Osasun Sailak

Anboto 2023ko mar. 23a, 10:38

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gutun bat helarazi dio Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiriberi, Durangaldeko osasun-arretaren beharrizanei buruzko azterketaren harira. 

Sagarduik sinaturiko gutunak dioenez, ikerketa horren "ondoriorik garrantzitsuena" da "Durango leku egokia dela egungo osasun-zentroak ordezkatuko dituen Bereizmen Handiko Zentro berri bat kokatzeko". Osasun sailburuaren berbetan, osasun zentro berezi horrek "ohiko prestazioak gainditzen dituzten probak eta prozedurak" hartuko lituzke, horri eskerrak, zerbitzuak "herritarrengana hurbildu", eta prozedurok "ospitale inguruetatik kanpo" eginda.

Mankomunitateak gaineratu duenez, Osasun Sailak bidali dion "ebaluazio prozesuak" azpiegitura hori Durangoko herriaren "erdialdean" egin beharko litzatekeela jasotzen du. Eta ez hori bakarrik. Azterketaren arabera, Landakoko osasun zentroan eta Anbulatorio zaharrean eskaintzen diren zerbitzuak "zentro handiago batean bateratu" beharko lirateke. “Zalantzarik gabe, albiste bikaina da jakitea Osakidetzaren apustua lehen mailako arreta, ospitaleko arreta espezializatua eta arreta soziosanitarioa eskainiko dituen zentro asistentzial bat eraikitzea dela, Mankomunitateak eta bertako kide diren udal gehienek eskatzen genuen moduan”, adierazi du Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak

Mankomunitateak bilera bat eskatu dio Gotzone Sagarduiri, Osakidetzak "proiektuari buruzko informazio zehatzagagoa eman dezan". Horrez gainera, Mankomunitateak bere burua eskaini du "eskualdeko alkateekin bilera bat antolatzeko". 

EAJk Osasun Sailaren baiztapena txalotu du
"Osasun Sailak Bereizmen Handiko Zentro bat eraikitzeko beharra berrestea jaso genezakeen albisterik onenetakoa bat da; izan ere, duela urtebetetik eskatzen ari ginen bezala, horrelako zentro batek Durangoko eta Durangaldeko osasun-beharrak hobetuko ditu, eta Osakidetzak horrela berresten du gure proposamena beharrezkoa, bideragarria eta egingarria dela", azaldu du Josune Escota zinegotzi jeltzaleak. 

Podemosek erantzuna
Podemosek berriz, EAJk  hauteskunde-kanpaina egiteko erakundeeak erabiltzen dituela salatu du. "EAJk hauteskunde-kanpaina egiteko erakundeak erabiltzen ditu. Ez da kasualitatea proposamena Mankomunitateko presidenteak, EAJren Durangoko Udaleko hautagaiak, egitea. Era berean, ez da kasualitatea, orain, Eusko Jaurlaritzak hauteskundeetatik hilabete eta erdira, Berezimen Handiko Zentro hori eraikiko duela iragartzeko", adierazi dute Podemoseko kideek. Bestalde, Durangon eta eskualdean osasun publikoa "indartzeko interesa balego", gaur egungo zerbitzuak "indartzen" hasiko zirela esan dute Podemosekoek, "baina ez dute egin". 

EH Bilduk "zuhurtzia" baloratu du txostena
"EH Bilduk zuhurtziaz hartzen du Mankomunitateak Durangaldeko Osasun Zerbitzuen inguruan egindako iragarpena, are gehiago eskualdeak dituen osasun gabezien inguruan Osasun Sailak hitzemandako azterketaren emaitzak argitaratu gabe daudenean. Azterketa horrek momentuz ez du udalen parte hartze zuzenik izan, nahiz eta EH Bilduk gobernatzen dituen udalek hainbat aldiz bilera eskatu dioten Osasun Sailari eskualdeko lehen arretaren egoera kezkagarriari buruz hitz egiteko", azaldu dute EH Bilduko kideek. 

Bestalde, Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentearen jokabidea salatu dute. "Ez da lehen aldia, baina oso tristea da ikustea nola Mankomunitateko presidenteak bere eskumenak eta betebeharrak alde batera utzita dituen Durangon kanpaina elektorala egiteko", gaineratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!