EBA mailari eusteko lau final geratzen zaizkio Tabirako Baqueri

Anboto 2023ko mar. 20a, 11:16
Tabirako Baque gizonen talde nagusia aurtengo ligako partidu batean. (Argazkia: Luis Iturrioz)

Lautik hiru etxean jokatuko dituzte eta Landako Kiroldegia gotorleku bihurtu gura dute.

Saskibaloiko EBA maila azken txanpan sartuta dago. Lau jardunaldi bakarrik falta dira liga amaitzeko. Tabirako Baqué gizonen talde nagusia azken aurreko tokian dago une honetan 7 garaipen eta 15 porrotekin, baina badu gora egiteko modurik: postu bat gorago dagoen Mecanizados Ardoirekin berdinduta dago eta beste talde bi garaipen batera ditu: Raisan Pas Pielagos eta CB Solares.

Erronka gatxa da, baina ez ezinezkoa. Geratzen diren lau partiduetatik hiru Durangon jokatuko ditu eta zaleen babesik ez zaio faltako. Lehenengo geltokia zapatuan, 19:00etan, izango da. Getxo bigarren sailkatua hartuko du Landako Kiroldegian.

Joan zen asteburuan 71-57 galdu zuen Burgosko Grupo de Santiago taldearen aurka. Sei puntuko abantailarekin joan zen atsedenaldira (27-33) baina bigarren zatian burgostarrek buelta eman zioten partiduari.

Emakumeek, beste garaipen bat

Tabirako Baqué emakumeen talde nagusiak, berriz, irmo darrai Euskadiko Lauko Finala jokatzeko bidean. Asteburuan beste garaipen bat lortu zuen, hamalaugarrena  azken hamabost jardunaldietan. Kasu honetan, Navarro Villoslada taldea xehatu zuten: 80-37. Garaipen honekin sailkapeneko hirugarren tokian kokatu da.

Datorren zapatuan, 20:00etan, San Ignacio-Premo taldearen kantxa bisitatuko du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!