Glu glu konpainiaren Munduari itzulia 80 egunetan antzezlanak dantza, musika eta antzerkia batzen ditu. Julio Verneren klasikoa hartu eta beste berrinterpretazio bat planteatzen du, garaikideagoa. "Trama nagusia gure errealitatera egokitu dugu. Horrela, munduari bira berezia izango da gurea, etxetik irten bako abentura. Izan ere, protagonistek etxeko elementuekin eta irudimena astinduz egingo dute bidaia", azaldu du Ugaitz Alegria zuzendariak. Itoitz eta Urdiñe neba-arrebak Passepartout eta Auoda osaba-izeben etxean daude opor batzuk pasatzen; bertan daudela, Julio Verneren Munduari itzulia 80 egunetan liburua irakurriko dute, eta umeek diote ez dela beharrezkoa munduan zehar bidaiatzea jatorri eta arraza desberdinetako pertsonak ezagutzeko. Passepartout zirkuko akrobata da, munduan zehar ibilitakoa; eta Auoda baliabide gutxiko herrialdeetan lan egin izan duen medikua. Lauren artean, abentura polita biziko dute.
Andrea Covadonga, Sara Barroeta, Leire Ormazabal eta Jon Casamayor dira aktoreak; Galder Perez arduratu da moldaketaz. 80 egunetan barik, 80 minutuan munduko ohiturak eta aberastasun kulturala ezagutuko dituzte, besteak beste, San Agustinera doazen antzerkizaleek.
Estreinua, Zornotzan
Glu glu konpainiaren antzezlan berri hau irailean estreinatu zuten, Zornotzan, Zornotza Aretoaren denboraldi berriari ekiteko. Ordutik, dozenaka emanaldi egin dituzte; besteak beste, Donostian, Bilboko Euskaldunan eta Berrizko Kultur Etxean. Durangoko San Agustin kulturgunean saio bikoitza egongo da asteburuan, domekan.