Nazioartetik ailegaturiko gazta zaporetsuenen dastaketa, bihar Saltsanen

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 15a, 11:01

Saltsan katerin etxeak Gaztaren bidea topaketa antolatu du biharko, hemengo eta Nazioarteko 17 gazta dastatzeko jardunaldia. Gazta bakoitzaren ekoizpen prozesua eta bakoitzaren ezaugarriak aletuko dituzte, lagunartean, mokadutxoak janda. Lekua erreserbatu behar da aldez aurretik. 

Gruyere, Cheddar, Brie, Parma, Emmental, Grana Padano zein Idiazabal. Bisitatzen den lekua edozein izanda ere, bidaiariak beti-beti-beti topatuko du herrialde edo eskualde horri loturiko gazta ederren bat. Bada, oraingo honetan, Durangaldetik irten barik, Europa zabaleko gaztarik zaporetsuenak dastatzeko aukera egongo da. Izan ere, Saltsan katerin etxeko kideek Gaztaren bidea topaketa antolatu dute. Bihar Euskal Herriko eta atzerriko gaztak dastatu ahalko dira establezimenduak Durangoko Kurutziaga kalean duen lokalean. "Ez da ekitaldi formal bat izango. Kontrakoa. Dastaketa informal bat izango da, lagunartekoa. Gure banatzaileak bertan egongo direnez, gazta bakoitzari buruzko xehetasunak galdetzeko aukera eskainiko du ekitaldiak. Ideia da gaztak dastatzea, ezagutzea, zelan ekoizten diren jakitea, nongoak diren ikustea, bakoitzaren bitxikeriak azaltzea,... Gazta mokadutxo bakoitza, gainera, gure ardoekin lagunduta hartuko dugu", azaldu du Petri Estudillo Saltsaneko kideak. Dastaketan parte hartzen dutenek gaztaren bat erosi gurako balukete, horretarako aukera izango dute dastaketaren bukaeran.

Dastaketa Saltsanen lokal barruan egingo dute 19:00etatik aurrera. Hori bai. Beharrezkoa da lekua aldez aurretik erreserbatzea. Horretarako saltsan@saltsan.com helbide elektronikora edo 688773205 whatsapp zenbakira idatzi behako da mezua. Ordu bi eta bi ordu eta erdi arteko dastaketa izango da, 20 euroren truke.

Honako hauek dira dastatu ahalko diren gaztak:

  • Marcel Petite gaztandegia (Frantziako Alpeak)
  • Belegen Gouda gazta (Ipar Brabante, Herbehereak)
  • Alpeetako Blossom gazta (Voralberg, Austria)
  • Ikatz kutsuko Barraqueño gazta (Avila, Espainia)
  • Zurrón zuria (Malaga, Espainia)
  • Ahuntz gazta urdina (Malaga, Espainia)
  • Azafrai kutsuko Campo Rus gazta (Cuenca, Espainia)
  • Campoveja gaztandegiko gazta ketua (Valladolid, Espainia)
  • Campoveja gaztandegiko gazta trufatua (Valladolid, Espainia)
  • Azal garbiko Campoveja (Valladolid, Espainia)
  • Shrospshire urdina (Nottingham, Ingalaterra)
  • Lligat ahuntz gazta (Lleida, Herrialde Katalanak)
  • Tomme Basque gazta (Euskal Herria)
  • Schlossberger gazta (Suitza)
  • Pata de Mulo Priazal (León, Espainia)
  • Teo ahuntz gazta (Zamora, Espainia)
  • Milalore eztidun Gouda (Herbehereak)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!