Durangoko Udalak jakinarazi duenez, TADUko aparkalekuak 24.000 erabiltzaile izan ditu azpiegitura martxan ipini zenetik hona. Egunean 267 ibilgailuk erabiltzen dute azpiegitura, batez beste. Hau da, aparkatzeko leku bakoitza bi ibilgailu desberdinek erabiltzen dute egunean, gutxigorabehera. Udalak dio aparkalekuari eskerrak herriguneko trafikoa "murriztu" dela, beste udalerri batzuetatik Durangora doazen autoek aparkatzeko aukera berri bat dutelako. TADUko aparkalekuak 120 leku ditu eta garai bateko Fauste-Landako tren geralekuaren ondoan dago kokatua, Abadiñotik Durangoko herrigunerako sarreran. Lanek 297.000 euroko aurrekontua izan zuten. Durangon egindako lehenengo aurrekontu parte hartzaileetan, honako azpiegitura hau sortzea izan zen aukerarik bozkatuena.