[GRAFIKOAK] Durangarren kezka nagusiak, boto estimazioa eta Udalarekiko balorazioa

Ekaitz Herrera / Joseba Derteano 2023ko mar. 7a, 18:09

Aztiker ikerketa etxeak azterlan bat egin du durangarrek Udalarekiko eta haren proiektuekiko duten iritzia jakiteko. Ikerketak kezka nagusiak, osasungintzarekiko kezka, hauteskundeetarako boto estimazioa eta tren geltokiaren akordioari buruzko iritzia jasotzen du.

614 durangarrek osatutako lagina hartuta, Aztiker ikerketa etxeak herriko gorabeheren diagnostikoa egin du txosten batean. Inkestak 2023ko urtarrilaren 16aren eta 27aren artean egin gituzte online eta telefono bidez. Akats tartea %4koa da lagin osoarentzat, %95eko konfiantza mailarekin. Galdetegia Udaleko ordezkariekin batera prestatu dute. Honako hauek dira ondorio nagusietako batzuk.

Duela urte bi egindako ikerketatik hona, durangarren kezka nagusiak antzera batean mantendu dira. Biztanleen iritziz aparkaleku faltak (inkesta erantzun dutenen %18,8), airearen kalitateak (%13,7) eta etxebizitzak (%5,6) jarraitzen dute herriko arazo nagusi izaten. Horien atzetik datoz kaleen garbitasuna (%5,5), aisialdi guneak (%5,3) edo azpiegitura publikoak eta haien egoera (%4,9).

 

Gaia maila pertsonal batera eramanda, bizitzaren garestitzea (inkestatuen %11,6), etxebizitzari loturiko arazoak (%8,3), aparkaleku falta (%7,1) eta ingurumena, kutsadura (%7) dituzte ardura nagusi. 

 

Udal kudeaketari dagokionez, inkestatuen %16,5ek uste du Udala herriko arazoak konpontzen dabilela. %45,2 batek dio Udalak badakiela arazoak zelan konpondu, baina denbora gehiago behar duela horretarako. %18,6k, berriz, Udalak arazoak zelan konpondu ez dakiela iritzi dio, eta %2,8 batek azpimarratu du herriko arazo nagusiak konpontzea Udalaren eskumenetatik kanpo dagoela. 

 

Garrastatxu alkatea eta Ríos alkateordea dira balorazio inkesta gainditzen duten bi politikariak. Oposizioko Elkoroiribe eta Ruiz gainditzeko mugan daude, eta azken lekuan dago Podemoseko David Hernández. Azken honek, gaur gaurkoz, ez du ordezkaritzarik Durangoko Udalean.

 

Etorkizuneko proiektuak lehenesterako orduan, ez dago gorabehera handirik. Tabirako igeriluak berritzeko proiektua da inkestatuek lehenetsitako proiektua eta hari oso-oso jarraika datoz merkatu plaza berritzeko proiektua, Antso Estegiz kaleko urbanizatze lanak bukatzea edo Correoseko eraikin zaharrean kultur etxea atontzeko proiektua. Eskala honetan gehien aldentzen diren proiektuak Eguzkitzako industrialdea garatzeko proiektua eta Murueta baserria berritzeko proiektua daude.

 

Herriak etorkizunean beharko lituzkeen azpiegitura edo zerbitzuez galdetuta, herritarrek hainbat erantzun eman dituzte. Grafiko honetan herritarrek lehenetsitako sei zerbitzu nagusiak batu ditugu. Azpimarragarria da, halaber, herrian ospitale bat edo osasun azpiegitura bat izateak alde handiz irabazten duela atzetik datozen zerbitzuen aldean. 

Aurreko grafikoan ospitale bat edo anbulatorio bat egiteko aukera aise gailentzen den arren, herritarren arabera profesional kopurua handitzea izan daiteke osasungintzako arazo nagusiak konpontzeko helduleku nagusia. Ia 15 puntuko aldea dago lehenengo irtenbide aukera bien artean.

 

Akordio hark bost puntu nagusi zituen: eremuko eraikigarritasuna heren bat murriztea, trenaren trazadura berreskuratzea, Pinondo Etxea eta San Agustingo ospitale zaharra Jaurlaritzaren eskuetara pasatu eta honek erabilera sozialetarako birgaitzea, 240 etxebizitza publiko egitea eta berdegune kopurua %20 handitzea. Durangarrek berdeguneari eman diote garrantziarik handiena 0-10 puntuaketan 8,2ko puntuaketa emanda.

 

BALORAZIOAK

  • Gobernu taldea. Durangoko gobernu taldeak inkestak emandako datuak baloratu ditu. Bizitzeko herri gisa, herritarrek Durangori 7,9 nota jarri izana azpimarratu dute. Horrez gainera, alderdi politikoetan zein udal bozeramaileen gisa balorazio onena dutela nabarmendu dute: 6,5. “Horrelako inkestak oso erabilgarriak dira, herritarrek hainbat gairi buruz duten iritzia helarazteko balio baitigute. Jendeari ikusarazi diogu bere iritzia garrantzitsua dela gobernu talde honentzat erabakiak hartzeko orduan. Legegintzaldi honetan lehen aldiz ospatu ditugu Aurrekontu Partehartzaileak edo lehen udal kontsulta herritarra. Bide horretatik jarraituz, durangarren partaidetza zabaltzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu”, adierazi dute Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotziek.
  • EH Bildu. Irakurketa “positiboa” egin dute. “Orain dela lau urte, EH Bildu alkatetzara heldutakoan, 40 urtez gobernuan egon ziren horiek mezu katastrofistak hedatzen saiatu ziren. Hala ere, lau urteetako lanaren ondorioz durangarrek ikusi dute EH Bildu alkatetzan izateak zer nolako fruituak ematen dituen. Hor daude, besteak beste, Ima Garrastatxu udaleko ordezkaririk baloratuena izatea, EH Bildu alderdirik baloratuena izatea edota maiatzeko hauteskundeetara begira zinegotzi kopuruan ere hazteko dagoen aurreikuspena”, baloratu dute. Bestalde, PERIaren inguruan jasotako emaitza azpimarratu dute. “Durangarrek argi eta garbi esan dute ados daudela aurreko PERIa atzean utzi eta Jaurlaritzarekin adostutako PERI berri horretan sakontzeko. Akordio horretan jasotako proiektuek 7,7ko puntuazioa izateak erakusten du durangarrek onuragarritzat ikusten dituztela, lehengo adreiluzko proiektu erraldoi hura proiektu sozial ezberdinengatik ordezkatzen delako”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!