Andraguneak emakume gehiagorengana ailegatzeko erronkari heldu dio

Anboto 2023ko mar. 7a, 14:45

Andraguneak 14 urteko ibilbidearen balantzea egin eta irudia berritu du. Aurrera begira tokiko emakumeen elkartei laguntzeko eta mugimendu feministarentzako topagune izateko helburuak markatu dituzte.

2009an ateak zabaldu zituenetik hona, Andragunetik 49 herrialdetako 1.854 emakume pasatu dira, eta kopuru hori gora doa urtero-urtero. Orain arte 341 ikastaro eta 4.606 plaza eskaini dituzte, eta erabiltzaileek erakutsitako asebetetze maila 9 puntukoa da 10eko eskalan. Erabiltzaileen adinari dagokionez, %88a 35 urtetik gorako emakumeak dira. 

Aurrera begira, Andraguneko arduradunek emakume gazteagoengana hurbiltzea gura dute, eta hori lortzeko eskaintza garatuko dutela aurreratu dute. Diagnostikoa egiten parte hartu duten emakumeek honako lan-ildo hauek lantzea lehenetsi dute: emakumeen aniztasuna areagotzea, beste eragile batzuekiko hartu eman bide berriak ezartzea, eraldaketa sozialaren eta begirada feministaren esentziari eustea, indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan eta deribazioan lanean jaraitzea edo profil desberdinetara iristeko komunikazio plan bat egitea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!