Lurrikaran kaltetutako siriarrei laguntzeko zumba maratoia egingo dute domekan, Durangoko Landako Kiroldegian

Anboto 2023ko mar. 7a, 14:58

Geu Be elkartearen alde egindako zumba maratoi bateko irudia.

Hiru kilo elikagai ez-galkor eramatea da ekimenean parte hartzeko baldintza bakarra.

Otsailean Siria inguruan gertatutako lurrikaran kaltetuei laguntzeko asmoz, zumba maratoi solidarioa egingo dute datorren domekan, 11:30etik 13:30era, Landako Kiroldegian. Olga Otero eta Maria Elgezua ama-alabak dira antolatzaileak. Zumba irakasle nahiz maratoi solidarioak egiten, urte askotako esperientzia dute. Hainbat bider Geu Be elkartearen aldeko maratoia antolatu dute arrakasta handiz.

COVID-aren osteko lehenengo maratoia siriarrei laguntzeko egingo dute. Sarreraren prezioa honako hau da: hiru kilo elikagai ez-galkor eramatea. Horrez gainera, arropa, oinetakoak, garbitasun produktuak eta antzerakoak ere jasoko dituzte.

Parte hartzeko gonbita

Ekimenak ordu bi iraungo du. Tarte horretan bakoitzak nahi duenean eta nahi duen denboran parte hartu dezake. "Kontua da ordu bian musika ez dela geratuko eta ekimena martxan egongo dela, baina bakoitzak nahi duen eran eta momentuan parte hartu dezake", adierazi du Maria Elgezuak. Guztira, zortzi-hamar monitore ibiliko dira ekimena gidatzen.

Musikari dagokionez, zumba erritmoak nagusituko dira, baina Burlesque ikuskizun motari dagozkion doinuak ere entzungo dira. Elgezuak estilo horretako klaseak ematen ditu. "Ez dadila inor ikaratu. Formatu erreza izango da. Azkenean denok gozatzekoa ekimena izan dadila gura dugu", zehaztu du.

Gertutik ezagutzen dute Siriako egoera

Elgezuak eta Oterok gertutik ezagutzen dute Siriako egoera, Alepo hiri inguruan bizi den jendea ezagutzen dutelako. "Informazio zuzena helarazten digute: argazkiak, bideoak… Egoera izugarria da, oso gogorra".

Turkiara nazioarteko laguntza heltzen dela diote, baina Siriara helaraztea "gatxagoa" dela herrialde bien arteko mugan bizi den egoeragatik. Beraz, materiala eta elikagaiak Siriara bidaltzeko konfiantzazko eragile baten bila ibili dira. Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartean aurkitu dute bila zebiltzana. "Eurekin berbetan egon ginen eta hango errealitatea ondo ezagutzen dutela ikusi genuen. Lantalde bat dute han. Ezer entregatu aurretik, materiala joango den biltegia bertatik bertara ikusten dute. Euren lanak konfiantza eman zigun", adierazi du Elgezuak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!