Zeintzuk dira egiteko ditugun gauzak?
Emakumeak planetako biztanleriaren erdia gara. Antzinako garaietatik, sistema patriarkatuaren ondorioz hainbat biolentzia mota sufritu behar izan dugu emakumeok. Hain zuzen ere, horietxek dira egiteko ditugunak. Batzuk larriagoak dira besteak baino, garrantzitsuagoak, edo urgentegoak, baina asko dira. Munduan asko dugu egiteko oraindino.
Erakusketa ez da ume lapurtuei buruzkoa bakarrik.
Genero desberdintasunaren ondorioz hainbat biolentzia mota dago. Horietariko batzuek hartu-eman zuzena dute amatasunagaz. Haurren lapurretak genero biolentzia eta estatu biolentzia dira. Urte luzez aritu dira horretan, eta beti ahalegindu dira hori ezkutarazten. Umeen lapurretarena frankismoagaz lotu den gaia izan da betidanik, garai hartako emakume talde baten aurka egin zena, baina ez du estatu krimen etiketa hori eduki. Patriarkatuak osatzen duen egituraren beste adar bat ere bada, eta hori biolentzia mota desberdinen parte da. Beheko solairuan dagoen instalazioa, Trapos sucios, adibidez, feminizidioei buruzkoa da. Esan dudan moduan, biolentzia mota desberdinei buruzko lanak erakutsi gura nituen, baina, egia esan, ume lapurtuen gaiari garrantzi berezia eta ikusgarritasuna eman gura nizkion, eta merezi duen garrantzia aitortu. Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak badaki asko arduratzen nauen gaia dela, eta gai konplikatua dela ikusarazteko. Instalazio hau berau, Bilboko La Taller galerian egon zen, baina ia inor ere ez zen joan ikustera, eta prentsan ere ez zen agertu. Guztiz oharkabean igaro zen. Krimen hauen salaketak mindu egiten du.
Zergaitik?
Denbora luzean gauzatu den krimen bat delako. Kontu hau guzti hau frankismo garaian hasi zen, baina 90eko hamarkada ondo sartuta egon artean ere jarraitu zen hau egiten. Orduan, jakina, "demokratikoa" den herrialde baten historian agertzen den orbana da. Horregaitik ezkutatzen da gaia. Estatuak, frankismo garaian aktiboki, eta orain pasiboki, oztopoak ipinita, isilarazi gura izan duen mugimendu oso bat dago hor. Biktimei zailtasunak ipintzen zaizkie egiaz, erreparazioaz, memoriaz eta justizia eskatzeaz berba egiterako orduan. Kolektibo itzela da, handia, baina ematen du ez dela existitzen.
Aspaldikoa dirudien gaia da.
Bai. Esaten da Francok dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuela. Eta horrela izan zela iruditzen zait. Franco hil ostean, ez zen korapilo horiek askatzeko modurik egon, ezta gai honetan ere. Albo batera geratu dira kolektibo oso bat, biktima eta borrokalari handiak direnak; nor diren galdetzen duten eta ikertzen dabiltzan emakume eta gizon talde bat dira, urte luzez borrokan dabiltzanak, eta bidean oztopoak baino topatzen ez dituztenak: Elizak bere garaian itxi eta gaur egun zabaltzeko asmorik ez dituen artxibategiak, erregistro zibilean zeuden paperak eta erre edo urteotako uholdeetan galdu direnak... eta, azkenik, Botere Judiziala bera hesi bat da.
Artista izateaz gainera, aktibista zarela diozu. Zer izan zen lehenengo, sorkuntza ala aktibismoa?
Nire kasuan, eskutik doaz biak. Zorionekoa sentitzen naiz artista izanda, salatzeko erreminta oso baliagarria iruditzen zaidalako. Are gehiago, uste dut arteak beharrezkoa duela osagai hori, azken finean, jende askorengana heltzen delako artearen bitartez. Hain salaketa argia egin nuen lehenengo aldia 2002an izan zela esango nuke, Prestige ontzia ondoratu zen garaian. Jada existitzen ez den arte galeria batera joan nintzen hemeretzi barikutan, Bilboko La Taller galeriara; espazio ederra zen eta patio berezi bat zuen. Gorbatak batu –gerora nire artearen ikur bihurtu dira–, eta txapapotea irudikatzen zuen pinturatan sartzen nituen, gero eskegitzeko; hemeretzi barikutan egin nuen hori, hor hasi nintzen artea eta salaketa uztartzen. Aurretik ere sortzen nuen artea, baina lanak barrura begirakoak ziren batez ere, eta naturako elementuekin lan egiten nuen, aireagaz, lurragaz eta uragaz, adibidez. Gai horiekin erosoago nengoen, beharbada, baina salatzeko behar hori nuela igartzen nuen. Instalazio horri Esplendorosas deitu nion, izan ere, garai hartan Espainiako Justizia ministroa zen Federico Trillok esan zuen Galiziako hondartzak "garbi eta distiratsu - esplendorosas, gaztelaniaz - zeudela" Prestigeren hondoraketaren ondoren, "ez zela hainbesterako izan"; bien bitartean, hondartzak hegazti hilez beteta zeuden, herritarrak buzo zuriekin lanean...
Zelako harrera izaten ari da Durangoko erakusketa?
Durangoko Arte eta Historia museoa magia duen gune bat dela iruditzen zait, eta, gainera, ikusgarria den gune bat ere bada. Lehen esandakoagaz alderatuta, erakusketa osoagoa da hau, borobilagoa; oraingo honetan biolentzia mota desberdinak irudikatzen dituzten lanak daude, eta zentzua hartzen du horrela. Erakusketa zirkularra da. Lehenengo pieza ere zirkulua da, espazioaren banaketa irudikatu gura du guztiz itxia ez den zirkulu horrek; barrukoa emakumeentzakoa da, eta kanpokoa, ostera, gizonezkoentzakoa. Itxita ez dagoenez, irten zaitezke bertatik, baina ez da erraza. Hemen, adibidez, Afganistanen baino errazagoa da, baina horrek ez du esan gura oztoporik ez dagoenik alde publiko horretara irteteko.
Martxoaren 9an berbaldia emango duzu.
Abiapuntua Martxoaren 8a da, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Hortik abiatuta, desberdintasunaren ondorio diren biolentziei buruz arituko naiz. Berbaldiaren muina, baina, ume lapurtuen gaia izango da. Nire alderik aktibistena erakutsiko dut hor, izan ere, uste dut gaiari buruz ezer gutxi ezagutzen dela, eta dakiguna ez dela guztiz zehatza. 2012an biktima bat nire bizitzan gurutzatu aurretik, uste nuen Francoren garaiko lau biktimaren kontua zela. Baina ez. Frankismoan hasitako hori demokrazian ere errepikatu zen. Bilbon bertan, 90eko eta 93ko kasuak daude; jende horrek 30 eta 33 urte ditu orain. Ez da hilik dagoen jendea, bizirik dago, eta oraindino informazio bila dabilen jendea da.
Justizia Ministerioaren arabera, 2011-2019 bitartean 2.000 ikerketa diligentzia inguru zabaldu ziren; horietatik laurden bat judizializatu zen, 500 bat. Gaur egun, judizializatu zirenak ere ez daude zabalik. Ume lapurtuen estatu legearen proiektua da geratzen den itxaropen bakarra; gaur egun, linbo egoera batean dago, eta itxaron baino ezin da egin, eta egoera libratu eta ea berriro ere martxan ipintzen den.