Azken hileotan, egoitzetako zaintzaileak mobilizatu egin zarete, baina badirudi zuen egoera ez dela hobetu eta grebara jo duzue. Zein egoeratan zaudete orain?
Urte bateko ziklo mobilizatzaile batetik gatoz eta publiko egin ditugun azken hamar greba egunak ez dira ez lehenengoak ez azkenak izango. Egoitzetako langileon egoerak ez du hobera egin, izan ere, gure hitzarmen kolektiboaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du patronalaren aldetik; urte luze batez patronalak ez du gure lan baldintzen inguruan berba egin gura izan. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen jarraitzen du. Aldundia da zahar-etxeetako titulartasuna duena, eta zerbitzua pribatizatzen duena zerbitzu publiko honen eskumena irabazi asmoa duten enpresen eskura utzita. Horregaitik, Aldundia zein patronala gure egoeraren erantzule egiten ditugu.
Zaharren egoitzetako langileon egoera ez da berria; eskualde honetan, denok bizi eta sentitu dugu Ermuko Abeletxe egoitzan pandemian gertaturikoa. Pribatizazioak eta zaharren egoitzen egoera prekarioak eragin zuzena dute langileongan zein erabiltzaileengan. Langileok erabiltzaileei ematen diegun arreta ez da duina, ez da nahikoa. Lan kargak ito egiten gaitu eta ezin dugu behar den beste denbora pasatu erabiltzaileekin.
Gurea guztiz feminizatutako sektorea da, emakumeak gara sektore honetako gehiengoa. Ez da kasualitatea emakumeak zaintza lanetan aritu behar izana, bai etxeetan eta baita gure lanpostuan ere. LABek soldata arrakalen datuen txostena atera du azken astean, eta azpimarratu gura nuke oso gogorra dela ezagutzea sektore feminizatuetan sektore maskunilizatuetan baino %90 gutxiago kobratzen dugula. Sektore honetan itzela da lanaren prekarizazioa, eta gure lan baldintzak jokoan daude, enpresen etekin ekonomikoen mesedetan.
Egungo ratioak "ankerrak" direla salatu duzue. Zelan eragiten dizuete zuei?
Zaharren egoitzetan ezartzen den ratioa ez da nahikoa, eta guk egunero sufritzen dugu honen eragina, azken batean ratio hauek erabakitzen baitute zenbat langile behar den erabiltzaileak zaintzeko. Eta horrek erabiltzaileei arreta integral eta oso bat eskaintzeko aukera mugatzen digu. Egunero korrika gabiltza, ez gara dena egitera heltzen. Ratioa handitu behar da; langile gehiago behar da zaharren egoitzetan, lehenbailehen.
LABek ratio proposamen berri bat aurkeztu du eta horren alde gabiltza borrokan: egunez gerokultore/zaintzaile bat lau egoiliarreko izatea, gauez 2 gerokultore/zaintzaile 15 egoiliarreko eta 24 orduz erizain zerbitzua izatea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko.
Ratio hauek langileon osasunean ere badute eragina; presioa dugu, estresa, ez heltzearen tristura eta amorrua, besteak beste.
Prentsa oharrean hauxe esan duzue: "Zaintzak ezin du negozio izaten jarraitu, gutxi batzuk aberasten diren bitartean asko pobretu egiten garelako".
Zaharren egoitzetako langileok lan publiko bat egiten dugu eta gure lana ez dago errekonozituta. Lan baldintzek eta kobratzen dugun miseriak bigarren mailako langile lez kokatzen gaituzte. Aldundia da zahar-etxeen titularra, baina zerbitzu publikoa enpresa pribatuen eskura uzten du. Enpresek negozio bat ikusten dute eta horrek eragin zuzena du langileongan zein erabiltzaileengan. Beraz, zaintzak ezin du negozio izaten jarraitu.
Lehenengo greba eguna Martxoaren 8rako deitu duzue. Zergaitik?
Martxoaren 8a borroka eguna da emakumeontzat, eta guk lan baldintza okerren biktima izaten jarraitu dugu. Emakume izate hutsagaitik gutxiago kobratzen dugu. Zahar-etxeetan, oso lan baldintza kaskarrak ditugun emakumeak gara gehiengoa. Beraz, argi eta garbi esan dezakegu Aldundiak, pertsonen zaintzan funtsezkoa den sektorea pribatizatzeko politikagaz, boteretik langileak esplotatu eta gaizki tratatzen dituela, euren erantzukizuna saihestuz eta egoitzen kudeaketa esku pribatuetan utziz. LABek zaintza lanak publiko bihurtzeko eskatzen die erakundeei. Horregaitik guztiagaitik zaharren egoitzetako langileok arrazoi asko dugu Martxoaren 8an greba egunei ekiteko.
Greba egunez gainera, Kalbarioko Martxara eta baraualdietara ere deitu duzue.
Aste Santuko datak kontuan hartuta, Kalbarioko Martxa egitea erabaki dugu, egungo baldintzetan gure lana benetako kalbarioa delako. Beraz, apirilaren 3an, 4an eta 5ean oinezko martxa bat egingo dugu sektorearen prekaritatea salatzeko. Azkenik, maiatzaren 15etik 20ra baraualdia egingo dugu Aldundiaren aurrean. Edozein borroka-tresna erabiliko dugu entzun diezaguten, eta ez gara geldituko lan baldintza duinak lortu arte.