Durangoko Udalak eta Alpino Mendi Taldeak bost ibilbide seinaleztatu dituzte herriko mendietatik

Anboto 2023ko ots. 25a, 10:00

Ibilbideak zailtasun desberdinetakoak dira; luzeenak 9,3km ditu, laburrenak, berriz, 5,7km.

Durangoko Udalak, Alpino Mendi Taldearekin elkarlanean, bost ibilbide berri seinaleztatu ditu herriko basoetan zehar. Egitasmo honen helburua durangarrei eta kanpotik datozenei Durangoko mendiak eta natura ezagutaraztea da. Horretarako, panel informatibo ezberdinak jarri dira San Rokeko aparkaleku ondoan eta Artabilla auzoaren sarreran. Horretaz gain, ibilbideen mapa ezberdinak prestatu dira.

Ibilbideak honako hauek dira: Santikurutz bira, Santa Luziari bira, San Andresetik Larrinagatxura, Dolometako basoa eta Mendigaineko bira, Neberondotik igaroz.

Ibilbideak zailtasun desberdinetakoak dira; luzeenak 9,3 kilometro ditu, laburrenak, berriz, 5,7 kilometro. Ibilbide ezberdinak konektatu eta konbinazio ezberdinak egin asmoz, ibilbideen artean lotuneak egingo dira.

"Durango herri txikia izan arren hedadurari dagokionez, ibilbide ederrak ditugu, eta elkarlanean egindako ekimen honek balioan jarri nahi ditu", adierazi dute Iker Urkiza eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

Guztira, 49 zutabe eta gezi jarri dira ibilbidean zehar, hainbat margo markaz gain. Seinalizazioa bukatu bezain laster Turismo bulegoko webgunean (www.turismodurango.net) eskainiko dira ibilbideak eta track-ak.

Ibilbideen mapa eta soslaia.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!