“Hiru urte hauek geldialdi gogorra izan dira; indarberrituta eta gogotsu gatoz”

Anboto 2023ko ots. 24a, 12:00

Pandemiak beharturiko parentesiaren ondoren, 40 Minutu Rock jaialdia bueltatuko da zapatu honetan, Durangoko Landako Gunean. Sarrera guztiak agortuta daude. Dena behar ben moduan irten dadin lanean arituko dira Anes Baños Madariaga, Aitziber Areitio Iriondo, Aitor González Gutiérrez eta Andrea Aragón Acedo.

Gogotsu zaudete?
Aitziber Areitio: Bai, hiru urte hauek geldialdi gogorra izan dira denontzat. Indarberrituta eta gogotsu gatoz. Ez da ahaztu behar zergaitik antolatzen den jaialdi hau. Ez da albiste ona horrelako jaialdi bat antolatu beharra, baina presoen eskubideen alde lanean jarraituko dugu.

Zer islatu gura duzue 'Bagatoz, badatoz' aurtengo leloagaz?  
A.Areitio: Denok dakigun moduan, azkenaldian presoen hurbilketa asko egon da eta horri egiten dio erreferentzia 'Badatoz' berbak. 'Bagatoz'-egaz euren eskubideak defendatzen jarraitzeko asmoa dugula esan gura dugu. 
Anes Baños: Azken hurbilketak oso berri ona dira eta egoera asko aldatu da, baina euren eskubideen alde lanean jarraitu behar dugu, euskal presoei bermatzen ez zaizkien eskubide asko dagoelako. Esaterako, azken asteetan ikusi da hirugarren gradu asko atzeratu dela. Beraz, lanean jarraitu behar dugu.

Sarrera guztiak agortuta egoteak ilusio berezia eragiten du?  
A.Areitio: Azkenaldiko ia jaialdi denetan agortu dira sarrera guztiak. Egia esan, hasieran duda neukan agortuko ziren ala ez, ze beste jaialdi batzuetan pasatu izan da denak ez agortzea pandemia oste honetan, baina, tira, jendea gogotsu dagoela ikusten dugu.

Zenbat boluntario zabiltzate lanean jaialdia aurrera eramateko?  
Andrea Aragón: 400 bat datoz txandak egitera. Gero, 30 bat laguneko beste lantalde bat hilabete askoan ibili da lanean dena antolatzen. Euren denen lanik eta laguntzarik barik ezinezkoa litzateke jaialdia antolatzea, eta oso esker oneko gaude.

Makina bat musika talde etorriko da aurten ere. Zer irizpide hartzen dituzue kontuan taldeak aukeratzerakoan?  
Aitor González: Estilo aniztasuna egotea, emakumeen eta euskararen presentzia bermatzea, Durangaldeko taldeei bultzada ematea… Aurten karpa txikian egongo diren musika jartzailerik gehienak eskualdekoak dira: Pary & Tiza, ​​​​​​​KSK, Azken Erromantikoak, Lietako esan digluten eta DJ Reimi. 

Musikazale lez, zein talde ikusteak egiten dizue ilusio berezia?
A.Areitio: Niri egun guztiko giroa gustatzen zait, batez ere. Baina talde batzuk aukeratzekotan… adibidez, Duplak jendea kontzertuan asko barneratzeko gaitasuna du. Giro itzela sortzen dute. Lukiek eta Ginger taldeak entzuteko ere gogo handia dut. Ez ditut askotan entzun, eta hazten dabiltzan talde berri bi dira.
A.B: Nik hiru talderen artean daukat banatuta bihotza: Perlata, Ginger eta Lukiek.
A.Aragon: Nik Merina Gris ikusteko gogoa dut.
A.G: Unidad Alavesa ikusteko gogoz nago ni.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!